Disko aipamenak-Entzun

ASKOREN ARTEAN "400% Dynamite" ( SoulJazz-Satelite K, 2000) Ez da lehenengo aldia ingaleterrako SOULJAZZ disketxeaz hitzegiten dizuegula, Entzun 20. alean disketxe honi buruzko erreportaia eskeini genizuen eta orduan argi geratu zen zer nolako altxorrak berreskuratzen dituzten. Soul, jazz, funk, latindar eta jamaikar doinuak dituzte maite eta musika estilo bakoitzak bere bilduma du. Jamaikar erritmoen kasuan `Dynamite

ACIDO C - stereopropulsion

ACIDO C “STEREOPROPULSION”
(Baga Biga, 2007)

EXTRA LURTARREN INBASIOA

Musika beltzaren energiaz bultzatuta datoz Acido C taldeko lagunak. Bide luzea egin behar izan dute diskoa baldintza txukunetan kaleratu ahal izateko (lehengo diskoa La Ostra Azul auto-ekoizpena izan zen, 2004. urtean kaleratu zuten eta arazo dezente izan zituzten orduko managerrarekin). Taldea 2002. urtean sortu zen Donostian musika afro-amerikarraren jarraitzaileek osatuta. Eskarmentu handiko taldea da eta kontzertu asko emandakoa. Urte guzti hauetan jasotako esperientzien emaitza da disko berria eta egia esan, disko borobila osatu dute. Musikariei dagokionez ere, talde sendoa osatu dute; base erritmiko indartsua, haize sekzio dotorea eta ahotsetan, THC taldeko Alicia eta Evaren koroek, behar bezalako estaldura eman diote kantuei. Abestiak erdaraz eta ingelesez abestuak daude. Musikalki, 90. hamarkadan, Ingalaterran bereziki, indar handia eduki zuen funk, soul eta jazzaren berrikuspenaren bideari jarraitzen diote (acid jazz deitu zuten; Gilles Peterson eta lagunek zabaldutako bidea). Musika beltzaren zaletuak garenontzat, poztekoa da Euskal Herrian horrelako doinuak lantzen duten taldeak edukitzea (Parafünk, Ortophonk, edo THC, besteak beste, bide hau jorratu dute). Poza gehiago emango liguke ordea, musika afro-amerikarra euskaraz lantzen duten taldeak sortzea eta kantuen edukietan, gai sozialak, konpromisoaren bidetik lantzea.

ARITZ SOUND SYSTEM

ADRIANA EVANS-walking with the night

ADRIANA EVANS “WALKING WITH THE NIGHT”
Soul berria edo neo-soul deitzen duten musika estiloak Euskal Herrian inolako oihartzunik ez badu ere, musika beltzak zaletu asko dituen herrialdeetan izugarrizko arrakasta du, baita maila komertzialean ere. Gure gusturako, gehienetan, azukrez gainezka duten kantuekin osatutako musika izan ohi da; arina, entzun erraza eta berehala aspertzen zaituena. Musikalki, arina da oso (kate fabrikazioaren izpirituarekin egina) eta eduki aldetik berriz, nola esan, sakontasunik eta sozialki inongo konpromisorik gabeko mezuekin. Maitasuna izan ohi da gai nagusia eta topiko guztiekin eta era azalekoan lantzen da normalean. Bide horretan diharduten ehunka talde eta abeslari daude, gehienetan txinparta bezala piztu eta itzaltzen direnak. Txinparta guzti horien artean ordea, gutxi batzuk, sua piztea lortzen dute eta, musikalki bada ere, aurretik aipatutako topikoetatik zertxobait aldentzen dira. Horien artean kokatuko genuke Adriana Evans abeslaria. San Frantzisko hirian jaioa, musikariez osatutako sendi giroan, soul klasikoa eta jazza izan ditu bidelagun. Minnie Ripertonenaren antzeko ahots goxo eta ederra du eta maila handiko musikariekin lagunduta, 70. hamarkadako soul jazz dotorearen zaporea utziko digun diskoa osatu du; goxoa, entzun erraza eta atsegin handiz behin eta berriro entzuten den diskoa da.

ARITZ SOUND SYSTEM

AKATZ-better days

AKATZ “DIAS MEJORES”
((Brixton, 2007)

Euskal Herrian jamaikar erritmoek jarraitzaile ugari dituztela esan ohi da. Estatu mailan Kataluniarekin parekatzen da horretan eta ondorioz jamaikar musikaren osasuna ona omen da gure artean, hori diote batzuk behintzat. Egia da Euskal Herrian jamaikar musikaren jarraitzaile fidelak badirela, urteetan erritmo hauei babesa eman eta doinu hauek zabaltzen saiatu direnak. Asko edo gutxi diren ordea beste eztabaida litzateke. Zaletasun hori, zoritxarren ez da gero taldeen sorreran gauzatu. Egun, eskuaren behatzekin zenbatu daitezke Euskal Herrian jamaikar musika egiten duten taldeak. Zaila da horrelako musika egitea eta zaila da, orotar, talde bat sortu eta bereziki, denbora nahikoa mantentzea. Horretaz asko dakite Akatzeko lagunak. 1992. urtean taldea sortu zutenetik, aldaketa ugari bizi izan dituzte baina gora behera guzti horien gainetik, taldea mantentzea lortu dute. Zuzenekoetan oinarritu dira bereziki baina tarteka (oso tarteka zoritxarrez) diskoak kaleratzen dituzte. Oraingoan, lau kantuz osatutako maxiarekin datoz (ingelesez eta gazteleraz abestuak. Urteetako esperientzia atzeman daiteke diskoko kantuetan eta urte hauetan jamaikarrak ez diren estiloen eragina jaso badute ere, ska, reggae eta rocksteady doinuen maitale amorratuak direla erakusten dute. Diskoarekin batera Better Days kantuaren bideoklipa dator.


ARITZ SOUND SYSTEM

ALTO PAKTO-Diamante en bruto

ALTO PAKTO "Diamante en bruto"

Txuriz doana dio: Diska osorik entzutea zaila egin daiteke, behin eta berriz errepikatzen diren elementuak, itxuraz sinpleak diren baseak eta betiko tratamendua duten letrak. Taldeen "doaiak" goraipatzen dituzten kantuak; mierda, chocho, malos recuerdos, sangre, contra las cuerdas, hijos de puta, que le jodan al mundo, buitres, palurdos edota destruiros bezalako hitzak minutu ta erdian. "Txaketa metalikoa" filmeko sargentoaren garraxiak kopiatzen saiatzen den ahots tono lineala----------------. Lasai dagoen edonor malaostian jartzeko moduko bibrazioak. Edozertan ari zarela ere konzentrazioa galdu arazteko errestasun izugarria eta orohar, aspergarria. Beltzez doana dio: Rap musikak geroz eta jarraitzaile gehiago ditu eta ondorioz jendeak geroz eta rap gehiago eskatzen du. Horrek, Alto Pakto bezalako taldeek diskak kaleratu dezaten errestasunak ematen ditu. Duela urte batzuk zihurrenik ezin izango zuten baina orain bai. Ondo dago hori. Musikalki oso kantu landuak ez direla? Letrak zakarrak eta garratzak direla? Eta zer. Musikarena ez da ba gusto kontua? Zenbat eta musika aniztasun haundiagoa orduan eta hobe. Bakoitzak aukeratu dezala. Guztiek aukera berdinak izan dezatela nahi dugu ezta? Aniztasunean dago aberastasuna. Azpimarratzekoa da rap disketan ohikoak diren kolaboratzaile zerrenda luzea; oraingo honetan, besteak beste, Metro (Geronacion), Juan Profundo, Coco (Bronquisquad), Duo Kie, Keishal eta Beatriz S.

ARITZ SOUND SYSTEM

AMBASSAH PRESENTS DUB GENERATION

AMBASSAH PRESENTS DUB GENERATION “Rub-a-dub showcase part.01”

Ezina ekinez egina. 90. hamarkada erdialdea izango zen Dubby ezagutu genuenean. Orduan, irratiarekiko eta reggae musikarekiko maitasunak elkartu gintuen Uribe kostako Gorliz irratian egiten zuen Ambassah irratsaioan. Euskal Herriko hainbat lagun bildu ginen berak antolatutako saio berezian eta garai hartan, diskoaren aukera aipatu izan balu norbaitek, ziur txantxetan hartuko lukeela. Eta orain, 10 urte beranduago, Dubby Ambassah-ren lehen diskoa aurkezten ari gara. Urte asko igaro dira eta urte guzti hauetan, bihotzak eskatzen zionari fidel mantendu da. Emaitza, gaur egun, mundu mailan entzun daitekeen roots reggae dotoreenetakoa jasotzen duen diskoa. Urte guzti hauetako esperientzien emaitza da diskoa, urte guzti hauetan jasotako bizipen eta ezagututako jendearen alderik onena erakusten du. Ezin zitekeen beste era batera izan. Urte guzti hauetan egindako lan umilaren emaitza izugarria da diskoa. Urte hauetan, perkusio eta erritmoekiko duen maitasunak bultzatuta, Basque dub Foundation, Lone Ark, Radio Mundi, eta beste hainbat taldeekin kolaboratu izan du, beti ere, perkusioen atzean, itzalean, babestuta. Orain, bere diskoa aurkeztera doanean ere, ez du protagonismorik bilatzen eta diskorako osatutako Dub Generationeko lagunekin batera, kantu propioak eta reggae musikaren bertsioak aurkeztera dator. Base erritmikoei ahotsa jartzen, Euskal Herriko maitale bihurtu diren, Afrikan Simba, Kurando, Roberto Sanchez, Kenny Knots, Benjammin eta Nano aritu dira. Bertsio bokalak eta dub bertsioak. Zorionak Dubby!

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - A PLACE CALLED JAMAICA

ASKOREN ARTEAN A PLACE CALLED JAMAICA 2

Jamaikar musikaren historia produktoreek idatzi dute neurri haundi batean. Produktoreek erabakitzen zuten zein abeslarik grabatu zezakeen, zein musikariekin grabatu behar zuen eta zein kantutan sartu behar zuen ahotsa. Produktoreek erabakitzen zuten kantuaren melodia eta kantuak aldaketak behar zituen edo ez eta behin kantua grabatuta, produktoreek erabakitzen zuten zein irrati kateetan, zenbat aldiz entzungo zen eta zein sound systemeetan pintxatuko zuten. Eta noski, produktoreek jartzen zuten prezioa. Labur esanda, kantu bat ideia hutsa izatetik arrakastatsu izatera iritsi arte igaro behar diren pauso guztien kontrol zorrotza zuten. Bunny Lee zen Jamaikako produktore zorrotzenetakoa (eta baita arrakastatsuenetakoa ere). Belarri fina zuen eta oso, oso langilea zen. Reggae musikaren urrezko garaian (60. hamarkada erditik 80. hamarkada hasiera) argi bereziarekin dizdir egin zuen. Diska bilduma honetan, informazio osatua eskeintzeaz gain, garai hartan egindako hainbat ekoizpen entzun ditzazkegu (The uniques, Cornell Campbell, Leroy Smart, Big Joe, e.a.). Ez dira Bunny Lee-ek ekoiztutako kantu arrakastatsuenak baina, zalantzarik gabe, Jamaikar musikak izkutuan mantentzen dituen altxor ederren adibide dira. Paregabeko aurkikuntza.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - 400 Dynamite

ASKOREN ARTEAN "400% Dynamite" ( SoulJazz-Satelite K, 2000)

Ez da lehenengo aldia ingaleterrako SOULJAZZ disketxeaz hitzegiten dizuegula, Entzun 20. alean disketxe honi buruzko erreportaia eskeini genizuen eta orduan argi geratu zen zer nolako altxorrak berreskuratzen dituzten. Soul, jazz, funk, latindar eta jamaikar doinuak dituzte maite eta musika estilo bakoitzak bere bilduma du. Jamaikar erritmoen kasuan `Dynamite izena daramate. Bilduma hauen laugarren alea kaleratu dute aurten eta aurrekoetan bezala reggae, ska, rocksteady, dub eta funk doinuak entzun daitezke bertan. Bere garaian singeletan edota lortzen zailak diren kantuak berreskuratzen dituzte oso bilduma ona osatuaz. Benetazko zaletuentzat.

ASKOREN ARTEAN - BLACK SLAVERY Days

ASKOREN ARTEAN BLACK SLAVERY DAYS

Esklabitudeko garaiak gogoan dituzu? Beltza zara, Afrika ama lurretik indarrez kanporatu zaituzte eta zure borondatearen kontra, indarrez, lur sailean lana egitera behartu zaituzte. 400 urte eta gero, esklabitudea indarrean dago eta nahiz eta orain, itxuraz, esklabituderik ez dagoen, buruko esklabitudea fisikoaren gainetik imposatu da. Clappers disketxea, diruaren esklabutzarekin apurtu nahi du eta militantziaren esanahai berreskuratu nahi dute. Reggae doinuak maite dituzte eta ez dute reggae musika merkantzia modura erabili nahi. Reggaea zabaldu nahi dute eta ez ustiatu. Lehen erreferentzi bezala 1975ean Jamaikako Ocho Rios-eko sound systemetan ohiartzun haundia izan zuten hainbat singel berreskuratu dituzte. Kantuok zuten eduki politikoarengatik zailtasun haundiak izan zituzten disketxeek uko egiten ziotelako horrelako kantuak kaleratzeari. Zailtasunak zituzten taldeen artean Burning Spear abeslariaren anaiaren, Elias Rodneyren taldea dago, Arrows izenekoa. Baita Justin Hinds & The Dominoesen abeslaria izandako Tony Thomasen Skulls taldea edota lehen aipatutako Burning Spearrekin batera abeslari lanetaan aritutako Jah Blue Evansen The original Survivors taldea ere. Reggae musikaren alde iluna eta militantea ezagutzeko aukera paregabea.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Back to black

ASKOREN ARTEAN “BACK TO BLACK”

Diskoaren kutxa beltza da eta kutxa estaltzen duen kartoizko estalkia urre kolorekoa. Inprimatutako hitzek zera diote: “Back to Black” (Beltzaren itzulera?). Mendeetan zehar, beltza, negatiboa zela sinestarazi nahi izan digute. Beltza zikina da, usteldua, txarra. Diru beltza, egun beltza, ardi beltza… eta azal beltza. Mendeetan azal ilunarekin jaiotzeak atsekabea besterik ez zuen ekartzen. Beltz nazkagarriak basatiak eta atzeratuak dira, ez jakinak. Gaur egun, oraindik ere, azal ilunen artean, zenbat eta argiagoa izan orduan eta ederragoa omen zara. Asko dira jarri daitezkeen adibideak. Neurri handi batean, beste gauza askoren artean, musikari esker, aurreiritzi horiek gainditzea lortu da, eta beltza, berez ona edo txarra ez dela edo ona bezain txarra izan daitekeela ikusi da. Historian zehar, helburu horrekin idatzi diren hainbat kantuen bilduma da honako hau. 50. hamarkada bukaeran eta 70. hamarkadan grabaturikoak dira gehienak eta horietako asko, spoken word edo olerki musikatuen formatua dute. Musikari dagokionez; funkia, soula, jazza eta reggaea da nagusi. Musika, gizarte iraultzaren zerbitzura.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Basque planet

Askoren Artean Basque Planet (Wagram)

Lehen aldia da, guk dakigula behintzat, Wagram bezalako disketxe garrantzitsu batek, euskal musikarekin osatutako bilduma kaleratzen duela. Frantses estatuaan dagoen disketxe independiente garantzitsuenetakoa da Wagram eta gure artean, guk behintzat horrela ezagutu genuen, musika elektronikoaren inguruan kaleratzen dituen diska sesio/bildumengatik ezaguna (Hotel Costes, Barfly, Budha Bar, Saint Germain des pres cafe...). Euskal Herrian egiten den musikak interesa piztu du Wagramekoen artean eta hemen egiten den kantuekin osatutako bilduma egitea erabaki dute. Horretarako, beraientzat euskal musikaren izen esanguratsuena den Fermin Muguruzarekin harremanetan jarri eta bere esku utzi dute diskako kantuen aukeraketa lana. Emaitza, hemeretzi kantuekin osatutako bilduma da, Ferminen gusto pertsonalen arabera eratua eta hasiera batean Euskal Herritik kanpoko entzuleei begira egina. Azpimarratzekoa da estilo aldetik duen aniztasuna (reggae, dub, ska, rap doinuetatik rock eta triki doinuetara doa), sesioa izan ez arren hasieratik amaierarate koherentzi haundiko sesio modura antolatua dagoela, euskaraz egindako kantuak direla (eta hau oztopoa beharrean ikur bilakatu daitekeela) , disketxe haundi eta txikietako kantuak daudela eta Euskal Herrian egiten den musikak gutxienez atzerrian egiten den musika bezain ona (eta askotan hobeagoa) dela erakusten duela. Guztiaren gainetik ordea, kanpoan hemen egiten denagatik interesa dagoela (eta ez bereziki komertzialki errentagarria delako) eta bertako taldeak, promozio egokiarekin kanpoan arrakasta izan dezaketela erakusten du. Nork behar du euskal musikak duen kalitate eta maila altuaren froga? Euskal musika buruan eta ibili munduan...


ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Beat Generation

Askoren Artean The Beat Generation (BBE/Rapster)

Beataren belaunaldia. Horrela aurkezten zaigu lan bilduma hau. BBE zigiluak Rapsterrekin egindako elkarlana da eta bi zigilu hauen norabidea ezagututa maila altuko erritmoak aurkituko ditugula zalantzarik ez dugu. BBE-k kaleratzen dituen lan guztiak, guk ezagutzen ditugunak behintzat, kalitarearen eta komertzialtasunaren arteko oreka lortzen dute eta oraingo honekin berdin gertatzen da. Baina zeintzuk dira Beat Generation delako belaunaldiaren partaideak? Produktoreak. Gure artean horrelako garrantzia ematen ez diegun arren badira musika estiloak (reggae eta rapa horien artean) produktoreen figurarik gabe ulertuko ez genituzkeenak. Produktoreak dira base erritmikoak eta orohar kantuaren azken soinuaren arduradunak eta behin basea eginda, gustoko abeslarien esku uzten dute base horren gainean abestu dezaten. Bilduma honetan azaltzen diren produktoreak Jay Dee (gaur egun kotizatuenetakoa), Pete Rock (CL Smooth bezala egindako lanagatik ezaguna eta Public Enemy, House of Pain, Mary J Blige edo Mick Jaggerren kantuen erremixen egilea), Jazzy Jeff (Will Smith edo Jill Scottentzat lan egindakoa, hiru Grammyren irabazle), Marley Marl (LL Cool J-rekin Grammya irabazi zuen), DJ Spinna (New Yorkeko undregroundaren errege eta estilo desberdinetako musikarientzat egindako erremixengatik ezaguna), King Britt (Digable Planets eta Sylk 130. Berritzailea), Will.i.am. (Black Eyed Peas kolektiboko buru) eta Larry Gold (Justin Timberlake. Sokazko instrumentuen arreglista). Abeslariak berriz: Slum Villaage, jill Scott, Cl Smooth, Bahamadia, Dwele...). Honelako izenak jasotzen dituen bildumak derrigorrez entzun beharrekoak dira Rap eta R&B estiloen jarraitzaileentzat. Eta gutxienez kontutan hartzekoak orohar musika beltzaren maitale garenontzat.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Best of Studio One-II

ASKOREN ARTEAN “THE BEST OF STUDIO ONE”

Disko kuttun bakarra eduki ezean 2006ko diskoetxe kuttuna izendatuko dugu. Diskoetxearen sortzaileak duela bi urte utzi gintuen, eta iaz, 2006. urtean, bilduma asko kaleratu dira diskoetxeko altxorrekin osatuta. XX. Mendeak eman duen musika ederrenetakoa grabatu eta kaleratu zuen Studio Onek eta eskerrak eman nahi dizkiogu horregatik. Eskerrik beroenak ordea, musika hori sortu eta jo zuten musikari eta abeslarientzat dira.


ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - ESTO ES HIP HOP

ASKOREN ARTEAN ESTO ES HIP-HOP (Boa 2004)

Zer da Hip-Hopa? Hauxe bai galdera potoloa. Boakoen ustez, Hip-Hopa, Dj Yulianek nahastutako eta erderaz abesten duten raperoen kantuen bilduma da. Estreinatu berri dugun urte honetarako, Madrilgo disketxeak, salmenta haundiak izatea espero duten diska-sesio hau kaleratu du eta bertan, datozen hilabeteetarako disketxearen izarrak izango diren abeslariak aurkezten dizkigu, ezagunak batzuk ez horren ezagunak besteak. Alakanteko Nach abeslariak irekitzen du sesioa, iaz salmenta haundienak izan omen zituen eta agian horregaitik lehen postu hau. Salmentetan txukun ibilitako Violadores del Versokoek ere badute tartea bilduman; La ciudad nunca duerme kantuaren nahasketa berria eta R de rumba ekoizlearen kolaborazioen proiektu berria entzun daitezke. Estatuko raperoen artean klasikoa den El Chojinek bi kantu aurkezten ditu eta ezezagunen artean Arma Blanca taldearen estreineko lana eta rap munduan urte mordoa daraman Yamal daude. Skratch Komandok Djen garrantzia ordezkatzen omen du eta emakumeen ordezkari bezala berriz, Shuga Wuga dago. Ragga musikak hip-hopean duen garrantzia azpimarratu nahi izan dute eta horretarako Kamikaze, Chulito Camacho, Morodo eta Mr. Rango kantuak sartu dituzte. Hau al da Hip-Hopa?

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - FREE MUMIA ABU-JAMAL

DISKA KRITIKA

ASKOREN ARTEAN "FREE MUMIA ABU-JAMAL" (GORA HERRIAK, 2000)

Txalotzekoa. Txalotzekoa diska hau kaleratu izana, txalotzekoa diskak eta bertan agertzen diren talde eta abeslari guztiek zabaltzen duten mezua eta txalogarria ere bertan entzun daiteken musikaren maila altua. Esan Ozenki-ren azpizigilua den Gora Herriak-ek beste aurrerapausu haundia eman du Euskal Herriko diska produkzioan. Aurrerapauso haundia eta ausarta Euskal Herrian apenas entzuten diren erritmo berri eta interesgarri hauek guztion eskura jarri dituelako; zaila egiten zaigu pentsatzea bestela jende askok Alpha & Omega, The Rootsman edota Benjamin Zephaniah bezalako dub-poetry olerkilaria entzungo zuela, besteak beste beraien diskak soilik inportazio bidez lortu daitezkeenean (edota denda oso espezializatuetan). Lan eskerga egin du Gora Herriakek horrelako musikariak elkartzen eta lan eskerga ere komertzialki horren espektatiba txikiak dituen lana kaleratzen. Azpimarratzekoa da diskaren aurkezpena eta diskarekin batera doan liburuxka ere, heriotz zigorpean 17 urte gartzelan igaro dituen afroamerikar honen historioa zehatz meatz azaltzen duelako. Taldeei buruzko informazioa eskertuko genuke bainan hala ta gustiz ere zorionak.

SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - GANJPARTY BLUEPRINT

ASKOREN ARTEAN "GANJAPARTY/BLUEPRINT"

"The first Spanish riddim album". Modu ponpoxo honetan aurkezten zaigu erritmo baten gainean oinarrituta estatuan kaleratzen den lehen diska. Baina zer ote da hori? Reggae musikaren zaletuek ondo dakite zer den base erritmiko baten gainean abeslari desberdinak kantatzen aritzea. Gure artean ez da batere ohikoa baina reggaean asko egiten da. Studio One disketxearen urteetatik ohikoa da produktore batek egindako base musikalaren gainean abeslari bat baino gehiagok aritzea. Sound System edo dantzaleku mugikorren lehiakortasunaren izpiritua dauka. Abeslariek beraien trebezia erakutsi beharra dute eta horretarako erritmo bera erabilita lehiatzen dira. Diska honetarako bi base erritmoki aukeratu dira; Chulito Camacho-k egindako "Ganjaparty" izenekoa batetik, ragga-dancehall estiloan eta Major, Chukkie Star abeslari jamaikarraren ekoizlea denaren "Blueprint" izenekoa bestetik, roots digitalean oinarritua. Beraien "trebezia" erakusten duten abeslarien artean Morodo, Mr. Rango, Daddy Maza, Ikah, Nabu... Bidea luzea da oraindik.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Hotsak Dantzan

ASKOREN ARTEAN “HOTSAK DANTZAN”
(Gaztelupeko Hotsak/Dantza Baltza, 2007)

2007. urtean Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak hamabi urte betetzen zituela ospatzeko disko berezia kaleratu zuen. Arduradunen esanetan, disko horrek diskoetxeak zituen bi hutsune betetzera zetorren; batetik, urteetako ibilbide horretan musika elektronikoari tarterik eskaini ez izana eta bestetik, diskoetxean diskoak kaleratu dituzten taldeen disko bildumarik atera ez izana. Helburu horrekin eta “bi harriz, lau xori” lelopean “Hotsak dantzan” diskoa kaleratzen dute eta horretarako Dantza Baltza izeneko azpi zigilua sortzen dute, aurrerantzean musika beltzari zuzenduta egongo dena. Gaztelupeko Hotsakeko katalogotik talde eta abeslariak aukeratu eta hauen kantuekin nahasketa berriak edo erremixak egiteko ardura berriz Jimmy Bidaurreta musikariari ematen zaio (Javi Pez Orchestra, Sonora Candela, Argot, Acid Gazz, Ortophonk, etab.). Tapia eta Leturia, UEK, Txuma Murugarren Morau, eta Gaztelupeko taldeen kantu ezagunak hartu eta nahasketa berriak egin dizkio, Deabruak Teilatuetan eta Maider (Alaitz eta Maider) abeslariaren argitaratu gabeko kantuekin batera. Musika beltza eta elektronikoaren zaletuak garenontzat zorioneko diskoa da hau nahiz eta (ia beti bezala) atzeratu xamar gabiltza kontu hauetan. Nahasketei dagokionez originalak gehiegi eraldatu gabe emaitza goxoa lortu da baina ausardia botatzen diogu faltan. Jamaikarrek nahasketak egiten hasi zirenetik musikak garapen izugarria bizi izan du eta Euskal Herrian abiada hartzeko garaia da.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - IRUN LION ZION

ASKOREN ARTEAN “IRUN LION ZION”

Bueltan dira lehoi asmatikoa eta bere kumeak. Hitz jokoak eta dub nahasketak nagusi. Irun Lion Zion izenarekin jamaikar musikaren zaletuen gudarostea bildu du Fermin Muguruzak. Irun da konexioa eta bere bidegurutzean, Euskal Herri zein nazioarteko sortzaile desberdinak elkartzen dira Dub musikaren eremu askean (liburuxkatik aterata). Duba, oinarrian, dagoeneko egina dagoen kantua hartu eta berarekin jolastea da; banatu, zatitu, moztu, itsatsi eta eraldatu. Ahotsak bigarren mailan jarri ohi dira eta base erritmikoak (bateria eta baxuak) nagusitasuna bereganatzen du. Dubaren interpretazio askea eginez aurkituko ditugu; besteak beste, nazioarte mailan, reggaeren bilakera ulertzeko ezinbestekoak diren Zion Train, Mungos Hi-Fi, Clive Hunt (ezinbesteko musikari eta ekoizlea), Rob Smith (Smith & Mighty) edo Iñaki Yarrituren Basque dub Foundation. Reggae eta duba dira lotura baina beste munduetatik datozen lagunak ere aurkituko ditugu; horien artean Lisabo, Inoren Ero Ni, Esne Beltza edo Amparo Sanchez (Amparanoia). Ferminen proiektuetan zuzenean parte hartutako Sorkun, Dz, Jon Trombon, Bad Sound System, Xabi Pery, Mikel Abrego, Kaki, etab (bakoitzak bere egitasmoekin) ere aurkituko ditugu. Zerrenda luzea da eta bakoitzak bere izaera gehitzen dio diskoari. Euskal Herriko sortzaileak mundura begira daude, munduko sortzaileekin elkarlanean, etengabeko garapenean. Talkak indartuko gaitu.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Impulsive

ASKOREN ARTEAN “IMPULSIVE”

“Revolutionary Jazz Reworked” ezizena jarri diote Impulsive zigiluko nagusiek kaleratu berri dute arri bitxi honi. Azken urteotan, behin baino gehiagotan hitz egin dizuegu soul, funk eta jazz diskoetxeek kaleratu dituzten nahasketen bilduma hauei buruz. 60 . hamarkadan, Impulsive zigiluak, jazz musikaren adar esperimental eta berritzaileena arakatu zuen. Garai hartan, arraroak eta askorentzat “ulergaitzak” ziren diskoak, zentzu berezia dute egun. Oraingoan, nahasketen modari jarraituaz (hori diote behintzat bilduma kritikatu nahi dutenak), diskoetxeko katalogoa, disko jartzaile eta musika elektronikoaren ekoizleen esku utzi dute (Boozo Bajou, Kid Koala, Dj Dolores, e.a.). Emaitza berriz, espero zitekeena baino haratago doa eta originalei, jantzi elektroniko soila ipintzea baino, zentzu berria eman die. Lehen entzunaldia ez da erreza eta jai dute bat-bateko dantzarako kantuak bilatzen dituztenak. Kontu handiz, eta presarik gabe dastatu beharreko gozokia da hau. Ahoan urtu eta gero, gustu hona mantentzen duen horietakoa da.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - JA-MAN ALL STARS IN THE DUB ZONE

AA.AA "JA-MAN ALL STARS. IN THE DUB ZONE"

Jamaikako historia suaz eta odolaz idatzitako historia den bezala, jamaikar musika suaren eta odolaren inguruan konposatutako musika da. Sua, odola eta iluntasuna, urteetan zehar jamaikan egindako musikaren zati haundi bat irlako baso sakonen artean izkutatua mantendu delako. Ingaleterrako Manchester-en egoitza duen "Blood & Fire" zigiluak, baso horietan barneratu eta duintasun haundiz, behar duten harreta eskeiniaz, ondo baino hobeto izkutatutako altxorrak argitara ekarri ditu. Zorionekoak gu. Altxor bilaketa horretan Dudley "Manzie" Swaby izeneko produktore ezezagunaren ekoizpenei iritsi zaie txanda eta 1977an eta 1980ean argitaratutako "Ja-Man Dub" eta "Kings Dub" diskak formato digitalean berargitaratu dituzte, garai hartan kaleratutako lau singelen b aldeekin batera. Kantu guztiak Channel One estudioetan grabatu ziren, garai hartan jamaikako ghettoetan zegoen grabazio estudio onenean eta irlako musikari onenenekin. Zer gehiago esango dizuegu... Diskan entzun daitezkeen kantu guztiak originalen dub bertsioak direla, dub musika zer den azaltzeko leku gabe geratu garela eta 2003 urtean zehar Ja-Man zigiluaren kantu gehiago berargitaratuko direla. Give Thanks & Praises.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - KLUBB HOUSE

ASKOREN ARTEAN KLUBB HOUSE

Dantza erritmoetanm ari garenean, musika elektronikoaren esparruan behintzat, techno eta house erritmoak datozkigu beti burura. Azken urteotan, musika elektronikoaren goraakadaarekin, asko dira, musika estilo horietan arrakasta lortu duten musikari, ekoizle eta dj-ak. Techno eta house musikaren esparrua izugarri zabala da eta azpiestilo bakoitzarekin espeziaalizatutako disketxeak kaleratu dira. House musikari dagokionez, musika beltzarekin lotura estuena duen adarrari, deep house deitu diote adituek, base erritmiko goxoak eta abeslarien ahots souleroengatik ezaguna egin da. Doinu dantzagarri dotore eta goxoak, soul eta funki doinuetan oinarritutakoak. Erritmo hauek gustoko ditugunontzat, Slip N Slide disketxea derrigorrezko erreferentzian bihurtu da, bai kaleratzen dituzten disketan entzun daitekeen musikaren maila altuarengatik eta baita diskak osatu eta aurkezteko moduarengatik ere. Musikaren izaera aldakorrak bultzatuta gauzak aldatzen ari dira eta dirudienez, erritmo goxo eta beroak alde batera utzi eta erritmo gogor eta hotzetaraa bueltatzen ari gara. Hori da behintzat gure ustea. Onerako? Txarrerako? Nork daki. Gusto kontua da noski. Diska bilduma honetan dantzalekuetara zuzendutako house musikaren adar goxoena izandakoaren azken joerak entzun daitezke.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Latin Ska Jazz

ASKOREN ARTEAN "Latin Ska Jazz" ( Sock It Records/ Satelite K, 2000)

Estatu mailan errespeto haundienetakoa merezi duen FBI fanzinearen esku datorkigu diska bilduma hau. Urteak daramatzate Bartzelonan erritmo jamaikarrak bultzatu eta indartu nahiean eta helburu horretan beste aurrerapausoa da diska hau. Ska eta jazzaren arteko nahasketa entzun daiteke diskan parte hartzen duten 18 taldeen kantuetan eta guztion artean Jamaikan sortutako musika omendu nahi izan dute. Nuff Respect!


ASKOREN ARTEAN - MARVEL OF MARVIN

ASKOREN ARTEAN MARVEL OF MARVIN

Osagaiak: Harmless disketxearen lan dokumentatua eta txukuna, 4 Hero taldearen maixutasuna eta gusto ona eta Marvin Gaye-k famatu egin zituen kantuen bertsio eta interpretazio berriak. Emaitza: gutxienez musika beltzaren edozein zaletu tentatu beharko lukeen jaki goxoa. Harmless disketxearen sukaldean egositako musikak usai eta zapore berezia du eta gainera, begiekin irensten den horietakoa da. Oraingoan, 4 Hero kolektiboko lagunek egin dute sukaldari lana eta bi plater berezi prestatu dituzte. Lehenengoan, Marvin-ek famatu egin zituen kantuen bertsioak ( eta baita originalen bat ere, ez ahaztu Marvin Gaye-k kantu asko konposatu zituela baina beste taldeen bertsio mordoa ere egin zuela) aurkituko ditugu; Bobby Taylor, The Isley Brothers, The Originals, The Chi-Lites, Delroy Wilson jamaikarra (reggae abeslari askok egin zituzten soul kantuen bertsioak) e.a. Bigarren platerean berriz, kantu horiekin 4 Heroko lagunek osatutako sesioa dastatu dezakegu, drum&bass egiteagatik ezagunak baina soul, jazz eta funk doinuen maitale sutsuak direnak. Orohar, Marvin Gaye-k utzitako altxor musikalak eman dezakeenaren adibide txikia. Gose gara oraindik.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Movers

ASKOREN ARTEAN “MOVERS”
Vampisoul diskoetxearen katalogoa abiadura sinestezinean loditzen ari da. Egia esan, horrenbeste musika “koipetsuarekin” ez gara harritzen. Estatu mailan, afro amerikarren erritmoengatik erakarritako jarraitzaileentzat ezinbesteko zigilua da Vanpisoul. Oraingoan, 23 kantuz osatutako bildumarekin datoz eta bertan, zigiluak kaleratutako azken diskoetako hainbat kantu esanguratsu entzun daitezke; soul, jazz, funk eta cumbia estiloetan. Izen gehienak ezezagunak dira, baita erritmo horien zaletuak direnentzat ere, baina tarteka arri bitxiren bat aurkituko dute. Gehien bat, afro amerikar erritmoak jorratzen zituzten talde eta abeslari “latinoak” dira egileak (Europa zein Hego Amerikakoak). Kantu originalekin batera “klasikoen” bertsioak ere aurkituko ditugu; James Brown-en “Think” edo The Temptations taldearen “Papa Was a Rolling Stone” kantuen kasu. Diskoa Cd formatuan eta 180gramuko binilo bikoitzean aurki daiteke. Belarriak adi eta beste estiloen eraginetara irekiak dauden rock zaletuentzat oso aproposa izan daiteke bilduma hau; baita, funk, soul eta jazz iluna eta ezezaguna bilatzen duten zaletuentzat ere.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - NORTHERN JAZZ SOUTHERN SOUL

ASKOREN ARTEAN - NORTHERN JAZZ SOUTHERN SOUL

Slip NSlide eta Kickin Music disketxe ingelesak mundu mailan egiten den house musika dotoreena gerturatu digu azken urteotan. Ezagunak dira Klubb House, Love In The House, Klubb Jazz edota Phil Asher diska jartzaileak egindako kantuen aukeraketekin osatutako Jazz in The House bilduma klasikoak (azken honek 14. zenbakia bete du dagoeneko). Diska guzti hauetan soul eta jazz musikekin igurtzitako house dotore eta goxoa, deep house deitzen dutena, aurki daiteke. Egunez zein gauez gozatzeko aproposa den musika horren sustraiak soul eta jazz musiketan aurki daitezke. Musika hauen erreferentzi nagusiak 60 eta 70. hamarkadetan aurkituko ditugu baina gaur egun, XXI. mende honetan, maila altuko soul eta jazza egiten da eta gauza interesgarrienak, gure ustez behintzat, komertzialtasunaren dizdiraren itzalean egiten dira. Bilduma hau, 1975ean, Lonnie Liston Smith maixuak kaleratutako expansions kantuarekin hasten da, garaiko klasikoari keinua eginez. Bigarren kantutik aurrera berriz, gaur egun jazz musikaren eraginez egindako maila altueneko soula entzun daiteke eta kantu askoren atzean, house musikaren maixuak topatuko ditugu ( Blaze, Kenny Dope, Pepe Deluxe, Incognito, e.a.).

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - NuJazz Sessions

ASKOREN ARTEAN NuJazz Sessions

Kaixo! Ongi etorriak Jazzeliciousen jatetxera. Prestatzen dituen plater musikal goxoengatik mundu mailan ezaguna da eta emaitza onak lortu nahi dituen edozein sukaldari bezala, maitasun haundiz sukaldatzen ditu jaki musikalak. Osagai desberdinekin trebea izan arren jazza, soula eta base erritmiko elektronikoak dira bere sukaldearen ardatz nagusiak. Gaur gauerako, plater berezia prestatu digu, goxo goxoa eta plateraren osagaien artean, goi mailako jakiak; Nicola Conte, Mo Horizons, The Tao of Groove, Zigo, Satteless eta antzeko gutiziak. Momentuan prestatutakoak batzuk eta rezeta originalari aldaketa txikiak, erremixen teknikarekin sukaldatuak, egindakoak besteak (Sarah Vaughanen ahotsa sanpleatuta osatutako Lover Man kantuaren bertsio berria kasu). Bata bestearen ondoren maixutasunez nahastuta eta plater baten eta bestearen zaporeen artean oreka osoa lortuta. Nu Jazz deitzen diote adituek plater goxo honi eta errezeta antzekoa erabiltzen duten sukaldariak asko badira ere gutxi dira horrelako zaporea lortzen dutenak. On egin.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - OUT FOR FAME

DISKA KRITIKA


ASKOREN ARTEAN "OUT FOR FAME!" (HOMBRE RECORDINGS-SATELITE K, 2000)

Onartu beharra dugu lehen aldia dela Hombr Recordings disketxearen berri dugula. Egia esan, ez da horren arritzekoa horrelako milaka disketxe txiki mundu osoan zehar bananduak egongo direlako eta zoritxarrez ezin ditugulako guztiak ezagutu. Eta zoritxarrez diogu guztietan honelako maila musikala badago oso musika ona galtzen ari garelako. Hauen kasuan hip-hop musika dute oiarri baina ez da inolaz ere gaur egun EEBBetako izar haundiek eskeintzen diguten hip-hop aspergarri edota errepikakorra. Hip-hop-aren alde esperimental, alai eta gure ustez interesgarriena entzun daiteke bilduma honetan. Moztu eta pegatu teknika erabiliaz zenbatu ezin daitezken sanplerrak erabiltzen dira eta musika munduan dauden estilo askorekin (breakbeat, jazz, funk, lounge, dub...) nahasten dira hip-hop baseak. Bilduman entzun daitezken talde, abeslari edo proiektuei buruz berriz ezer gutxi esan dezakegu, Tammy Payne (Smith & Mighty) abeslaria ezik, gainontzekoak gustiz ezezagunak zaizkigu eta. Ohiko hip-hop-az aspertutak zaudetenontzat oso gomendagarria.

SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - PALABRAS CAJAS Y BAJOS

ASKOREN ARTEAN "Palabras, Cajas y Bajos" ( BOA, 2000 )

Estatu espainiarrean gaur egun Hip-Hop musikak inoiz lortu duen arrakasta komertzial haundiena duela ez du inork zalantzak jarriko. Duela urte gutxi batzuk ametsa zena egi bihurtu da askorentzat eta nahiz eta oraindik estatuan egiten den hip-hop-ak asko eboluzionatu eta hobetu behar duen ezin da ukatu gaur egun inoiz eduki duen maila altuena duela nahiz eta lortu duen komertzialtasun puntu horrek `morrallaasko ekarri duen. Boa izan da estatuan musika mota hau gehien bultzatu duen banatzailea eta orain azken urteetan gertatutakoaren errepasdoa egiteko unea iritsi dela pentsatu dute (Gabonak datoz agian?). Horretarako 17 kantuz osatutako diska bilduma kaleratu dute estatuan dauden hip-hop talderik esanguratsuenekin; Frank T, 7 Notas 7 Colores, Solo Los Solo, CPV, La Mala...Diskarekin batera liburuska doa `historia labur honen berri emanez.

ASKOREN ARTEAN - SPANISH TROJAN

ASKOREN ARTEAN SPANISH TROJAN (TROJAN)

Jamaikar doinuak maite ditugunontzat ezinbesteko disketxea da Trojan. Erres esaten da baina oraindik ez gara disketxe honek gaur egungo musikan izan duen eraginaz ohartu. Zer litzateke 80. hamarkadan Ingaleterran eta Europako beste herrialde askotan indartsu sortu zen ska eta skinhead mugimenduaz Trojanek jamaikar musika zabaldu izan ez balu? Ez gara gehiegi luzatuko baina Treasure Isleko nagusiak, Duke `The Trojan Reidek ez zuen amestu ere egingo 60. hamarkadan bere produkzioak Ingaleterran saltzeko sortutako zigilu horrek 30 urte beranduago diskak kaleratzen jarraituko zuenik. Egia da disketxeak urteetan zehar gora behera haundiak izan dituela eta gaur egun multinazional baten menpe dagoela horrek suposatzen duenarekin, baina onartu beharra dago Trojanen katalogorik gabe jamaikar musikak ez zuela gaur egun duen ohiartzunik izango. Trojanek egiten dituen berralgitapenei esker iitzalean eta erdi izkutuan zeuden altxor askok argia ikusi dute eta aberastasunaren banaketa horretan esku hartu dute Ibon Errazkin eta Kurando `Roots Seekerek. Trojanen katalogo amaitezinean galtzeko ohorea izan dute eta bertatik aukeratutako arri bitxiekin (70. hamarkadakoak gehienak; roots, deejay eta dub estiloetan) bilduma sesio hau prestatu dute. Izenburua eta barruko informazio eskaxa kenduta diska borobila osatu dute, zentzu guztietan.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Sonidos en Agua

ASKOREN ARTEAN "Sonidos en Agua" (Dro East West, 2000)

Urak bizitza dakar eta diska honetan ura elementu amankomun bezala erabilita gaur egun oraindik ere musika bizia eta ederra egin daitekeela erakusten zaigu. Nightmares on Wax, Amon Tobin, Sean Deason, Funki Porcini, Kid Loco eta Dj Krush bezalako maixuek "trip-Hop" deitu denaren bidetik garamatzate. Azken finean hip-hop, soul, brasilgo bossa nova, dub eta jazza musika elektronikoarekin ustartu dituzte oso emaitza erakargarria lortuaz. Horrenbesteko edertasunak ez gaitu itsutu behar ordea eta diska bikoitza honetan lehen CD-a oso ona bada bigarrena, ia osorik, soberan dago. Uraren aitzakipean urak ingurune desberdinetan dituen soinuak eskeintzen dizkigute eta ia ordubetez uraren soinu desberdinak entzuten eduki nahi gaituzte. Gehiegizkoa (baita salneurria ere).

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - Spanish Town Reggae

ASKOREN ARTEAN "SPANISH TOWN REGGAE"

Kristobal Kolonen bigarren bidai odoltsuan espainiarrek Jamaikako irla bereganatu zuten, indarrez. Irlako biztanleak indarrez esklabo lanetan jarri eta urte gutxira, irlako xaymakar guztiak akatu zituzten. Eskulan merke bila Afrikara joan eta ehundaka urte iraungo zituen esklabutza garaia hasi zuten, herri beltza munduan zehar sakabanatuz eta bere historia, kultura, hizkuntza eta duintasuna bortsatuaz. Gaur egun, oraindik ere, espainiarren arrasto odoltsua gogora ekartzen duen Spanish Town izeneko herria dago Kington hiriburu ondoan. Historia errepikatzen da. Estatu espainiarren egiten den reggae musikaren erakusle izan nahi du bilduma hau eta horretarako, zalantzarik egon ez dadin "Spanish Town" izenburuaren azpian "100% Reggae Espaol" azpitituloa jarri diote. Tartean talde euskaldunak ere aurki daitezke noski eta horrek ez gaitu harritu behar Hego Euskal Herria espainiarra den neurrian eta Euskal Herrian reggae zaletu ugari daudela kontutan izanda. Garrantzi gutxiko tontakeri honetaz gain, Asociacin Cultural Reggae erakundeak bultzatutako porrusalda bikoitz honetan estatuan azken urteotan jamaikar musikaren eragina izan duten talde zahar eta berri asko aurki daitezke.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - World Reggae

ASKOREN ARTEAN World reggae (Putumayo)

Musikak doai asko ditu eta beste askoren artean, kultura desberdinak ezagutzeko eskeintzen digun aukera dago. Reggae deitzen den musikari dagokionez, milaka kilometroetara dagoen Jamaika izeneko irla txikia ezagutarazi zigun askori, irlako biztanleen bizimodua, kultura eta historian sakontzeko aitzaki bezala erabili genuen eta topikoen gainetik, mugak gainditu eta munduko edozein txokotan egiten den musika dela dakigu orain. Amaierarik ez duen ikasketa honetan, oso lagungarri zaigu Putumayo disketxeak egiten duen heziketa lana. Putumayok kaleratzen dituen diska bildumetan, sustraietan errotzen diren musikak ezagutzeaz gain, musika horien erroak ezagutzeko aukera ematen zaigu, informazio idatziari esker. Oraingo honetan, Afrikan (bereziki) eta beste hainbat txokoetan egiten diren doinuak aurkezten zaizkigu (kantu guztiak reggae deitzen dugun horrekin antzekotasuna dute). Kantuen egileen historia ezagututa (labur bada ere) balore berria hartzen du egiten duten musika eta hori jakinda, musikari zuku guztia atera nahi badiogu, derrigorrezkoa zaigu entzuten ditugun musiken atzean dauden musikariak eta euren ingurunea ezagutzea.

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - best of studio one

ASKOREN ARTEAN “THE BEST OF STUDIO ONE”

Bi urte igaro dira dagoeneko Jamaikako diskoetxe ezagunaren sortzaile eta nagusiak, Clement “Coxsone” Dodd ekoizleak, utzi gintuenetik. Nork esango luke. Bere heriotzaren berri izan genuenetik ugariak izan dira komunikabidetan (Euskal Herritik kanpo)egin zaizkion aipamenak eta bere omenez antolatu diren ekitaldi eta musika jaialdiak. Diskoetxe asko ari dira Studio Onen katalogoaren atzetik eta diskoetxe askok lortu dute katalogo horrekin diskoak osatzea. Jamaikar musikaren zaletuak garenontzat pozgarria da Studio Oneko altxorrak berreskuratu ahal izatea baina kontuz. Bob Marley edo Trojan diskoetxearekin gertatu bezala, tentu handiz ibili behar gara zein disko erosten dugun aukeratzeko garaian. Itxura ederreko diskoen barruan, askotan, behin eta berriro entzun ditugun kantuak aurkituko ditugu eta. Dagoeneko erosi ditugun kantuak berriro erosteko arriskua dagoela alegia. Bilduma honetan adibidez, Studio Oneko aurreko bilduma askotan aurki daitezkeen kantuak aurkituko ditugu, horren ezagunak ez diren besteekin batera. Adi beraz.


ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN - ¡GOZALO! BUGALU TROPICAL

ASKOREN ARTEAN “¡GOZALO! BUGALU TROPICAL”

Musika, sorpresaz betetako altxorraren kutxa da. Azken urteotan musikak duen aberastasun handiena estiloen artean sortzen diren maitasun harremanak direla esan izan dugu. Harreman horien aztarnak, zorionez aspaldikoak dira nahiz eta orain izan garapen handiena. 30. hamarkadan, AEBetako big band delakoen eraginez, dantzaldietarako banda ugari sortu ziren hego eta Ertamerikan. Kuba, Puerto Rico, Venezuela, Colombia, Peru eta beste hainbat herrialdetan talde ugari sortu ziren “Karibeko musika” eginez (mambo, guaracha, merengeak eta boleroak). 60. hamarkadan, New York hirian iraultza eman zen beltz eta latindar etorkinen harremanetik. Doinu latinoak afroamerikarrekin nahastu ziren emaitza dantzagarri eta kitzikagarria sortuaz; Latin jazz eta bere adar komertzialaren, Boogalooaren garaiak ziren. Laster zabaldu ziren erritmo hauek hegoalderantz eta talde eta musikari asko pasa ziren doinu berri hauetara. MAG diskoetxeak garai hartan Hego eta Ertamerikan egiten zen boogalooa ezagutzeko ezinbestekoak diren diskoak kaleratu zituen; eta orain, Vampisoul diskoetxearen berreskurapen lanari esker, disko horietako kantu esanguratsuenak bilduma honetan entzun ditzakegu. Alfredo Linares, Charlie Palomares, Los Hilton´s, etab. Boogaloo musikaren zaletuek ezagutu beharreko izenak dira (orain arte ezagutzen ez bazituzten behintzat).

ARITZ SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN -THE BEST OF COOKIN

DISKA KRITIKA

ASKOREN ARTEAN "THE BEST OF COOKIN" (Ubiquity- Surco, 2000)

King Afrika-ren "La Bomba" bezalako kantuak (nolabait deitzearren) behin eta berriro denbora epe labur batean entzuten dudanean umore txarrez jartzeaz gain neure buruari galdera hau egiten diot: "Mundu honetan egunero egiten den musika dantzagarri eta onarekin zergaitik entzun behar dugu behi eta berriro horrelako ****". Erantzun desberdinak egon daitezke noski bainan askotan arrazoia gure musika ezjakintasunean dagoela uste dut. Munduan egiten den eta egin den musika guztiaren zati oso, oso, oso, oso txikia da azkenean gure belarrietara iristen dena. Ez dut ulertzen bestela nola Ubiquity bezalako disketxeak egonda "La Bomba" bezalako kantuek arrakasta izan dezaketen. Hamar urte bete ditu aurten Ubiquity-k eta hori ospatzeko bere azpizigilua den Cookin-ek diska bikoitza kaleratu berri du. Bertan inoiz egin den hip-hop eta jazzaren arteko nahasketa interesgarriena entzun daiteke. Grabatutako base erritmikoak zuzeneko musikariekin nahastuaz oso soinu berezia lortzen dute, musikak eduki dezakeen dotoreziaren erakusle. Eta zuk zer egiten duzu "La Bomba" entzuten?

SOUND SYSTEM

ASKOREN ARTEAN – SEARCHING FOR SOUL

ASKOREN ARTEAN – SEARCHING FOR SOUL

Soul musikaren jarraitzaileentzat Detroit da AEBetako hiri erreferentea. Automobil industri boteretsuaren hiri horretan sortu zen Motown diskoetxea, soul musikaren historian kantu klasikoenak kaleratu dituen diskoetxea. Motown-en arrakasta izugarria izan zen eta Detroit hiriko kotxe industriaren adibidea jarraituz, kantuak modu industrialean ekoizten zituen. Motown-en funtzionamendua fabrika batena zen; hau da, kantuak kate produkzioan oinarrituta kaleratzen zituzten eta helburua, beti ere, arrakasta zerrendetako lehen postuetan kokatzea zen. Detroiten inguruan kokatutako beste hiri askotan ere soul musika egiten zen. Ubiquity diskoetxearen azpi zigilua den Luv N´Haight-ek, Michigan hiriko soul, funk eta jazz kantuak bildu ditu bilduma dotore honetarako. 1968 eta 1980 urteetan grabatutako kantuak dira eta Motown-en produkzio katetik urrun, lokal txikietan eta artisau erara grabatutako kantuak jasotzen dira. Bilduman ez dituzu soul edo funkiaren izar ezagunak aurkituko baina izar horien distiraz nekatuta dauden jarraitzaileentzat oso gomendagarria da. Ghettoetako soul, jazz eta funk koipetsua, musikaren arimak duen indarra eta garraztasunaren adibide.

ARITZ SOUND SYSTEM

AT VERSARIS - va amb nosaltres

AT VERSARIS “VA AMB NOSALTRES”

Harrigarria bada ere, lehen aldia da, katalanez abestutako rap disko osoa entzuten dugula. Katalunian rap musikak duen indarrarekin eta hizkuntzarekiko duten errespetua kontutan hartuta ez dakigu zergatik ez den orain artean katalanez abestutako rap diskorik (guk ez dugu entzun behintzat). Egia esan, Euskal Herrian inork, Selektah Kolektiboa eta M.A.K taldeen bidea jarraitu ez izana ere harritzen gaitu. Denbora kontua izango da agian. At Versaris taldeak rap gordina lantzen du; base erritmiko ilunak, astunak eta letra zuzenak eta gogorrak. Mezu konprometitua eta kritikoa sistemarekin. Taldea Rodrigo (Pirat´s sound systema-apirila bukaeran Euskal Herrian izango ditugu-) eta Pau (La Pulpil la, Batzak) ahotsetan eta Bel platoetan osatu dute. Diskoaren grabaketan berriz hainbat laguntzaile izan dituzte; Maria Roca biolina, Sisu (Cheb Balowski) saxoa eta Ollala eta Sara Pi rap eta soul ahotsetan. Katalanez rap musika duina egin daitekeela argi utzi dute (norbaitek zalantza zuen?) nahiz eta oraindik estiloa (musika zein abesteko era) findu beharko duten. Diskoa Propaganda pel fet diskoetxearekin kaleratu dute eta azpimarratzekoa da diskoetxe honek Kataluniako taldeekin egiten ari den lan txukuna.

ARITZ SOUND SYSTEM

BAH SAMBA - bah samba

BAH SAMBA "BAH SAMBA" (Estereo Recordings)

Samba. Brasil, Sao Paulo, perkusioak, steel bands, dardara, zarata, irrifarrea, kolorea, beroa, sargoria, dizdira... eta dantza. Udara bukatu dela diote. Herrietako festa gehienak amaitu dira eta zu? Dantza egitea gustatzen zaizu? Ez da derrigorrezkoa, ez da ona edo txarra, ez da pekatua eta gutxiago delitua. Eta agian ez dakizu dantzatzen. Normala da. Nork daki dantzatzen? Eta dantzatzen jakingo bagenu ere, guk dantzatzen dakigun musika entzun behar dugu dakigun dantza hori dantzatu ahal izateko. Ezker eskuin, gora eta behera. Orain pauso bat aurrera eta orain pauso bi (edo hiru) atzera. Adi eta tente! Gogortuta nago. Adin kontua izango da agian edota gizarte kapitalista kontsumista eta monarkiko honek gogortuta egotera behartzen nau. Auskalo. Erritmo konstantea behar dut eta bihotza ziztu bizian. Dantza musika makinekin egiten da baina hezur haragizko musikariek ere dantza musika egin dezakete, ezta? Edo biak uztartuta. Normalean nahasketak kantua ezaguna egin eta gero datoz eta talde batek diska kaleratu eta gero azaltzen da bildumetan. Bah Sambarekin gauzak alderantziz doaz eta udara izan ez arren, pauso jakin batzuk jakin gabe, brasildarra zaren edo ez axola gabe dantzatu daitekeela erakusten dute. Gizonak eta makinak dantzan, erritmo berririk asmatu behar izan gabe eta oso modu dotorean. Ez dizu kalte egingo.

BARRINGTON LEVY - in dub

BARRINGTON LEVY “IN DUB” (Auralux 2005)

Jamaikar musikan produktoreen garrantzia izugarria dela esan izan dugu askotan. Reggaean gutxi dira bere kantuak konposatzen dituzten abeslariak eta ohikoena da produktoreek sortutako base erritmikoen gainean abestea. Horregatik, oso ohikoa da base erritmiko berdinaren gainean abeslari desberdinek abestea eta askotan, disko osoak kaleratzen dira base erritmiko berdinarekin. Diskoa osorik entzuteko astuna izan badaiteke ere abeslarien arteko lehia modura uler daiteke, sound systemen antzera. 70. hamarkada bukaeran eta 80. hamarkada hasieran Jamaikan egon zen produktore ezagunenetakoa izan zen Henry “Junjo” Lawes. Berak konposatutako kantuekin abesti ederrak osatu zituzten abeslari askok baina horietatik arrakasta gehiena lortu zuena Barrington Levy izan zen. Ahots oso berezia duen abeslaria da eta azken urteotan, ragga eta dancehall estiloko izarrekin egindako duetoengatik ezaguna. Disko honetan, Lawes-en produkzioen gainean, Barringtone-k egindako abestiak entzungo ditugu baina bere dub bertsioan; hau da, kantu originalen nahasketa berriekin. Soinu teknikariak egindako nahasketa berriak alegia. Ulertu al da zerbait?

ARITZ SOUND SYSTEM

BASQUE DUB FOUNDATION - roots melodies

BASQUE DUB FOUNDATION “ROOTS MELODIES”
Zorionekoak gara mundu osoko reggae zaletuak, Bilboko Iñaki Yarrituk gidatzen duen egitasmoak disko berria kaleratu du. Instrumental Showcase deitzen duten formatuan kaleratu da diskoa; zortzi kantu guztira; horietako lau instrumentalak eta beste lauak instrumental horien dub bertsioak. Disko honekin lehen urteetako izpiritua berreskuratu duela esan daiteke. 1997. urtean kaleratu zuen BDF-ek lehen diskoa eta, aurreko maketetan egin bezala, bertan ere kantu instrumentalak eta dub bertsioak nagusitzen ziren. Ondoren ezagututako garapenean ahotsak gehitu ziren eta azken urteetan, sustraizko reggaearen estilo eta formatu desberdinekin jolastu du BDF-k eta guztietan izugarrizko maila altua lortu du, nazioarteko reggae zaletuen errekonozimendua jaso arte. Euskal Herrian jaiotako egitasmoa honek mundu mailako oihartzuna lortu du dagoeneko. Disko berrian rockers estiloko doinuak eta King Tubby eta Augustus Pabloren musika burura ekarriko digun doinuak entzungo ditugu eta baita Freddie Mc Gregorren "I Am A Revolutionist" kantuan oinarritutako melodia duen kantua ere. Kantu guztiak Iñakik sortu eta ekoiztu ditu eta instrumentu asko ere berak jo ditu (baxua, bateria eta teklatuak, besteak beste). Horretaz gain, ohiko lagunekin batera, Sly Dunbar eta Style Scott baterijoleak edo Wailers taldeko Wire teklistaren laguntza izan du. Diskoa Massive Sounds zigilu propioarekin kaleratu da biniloan eta dagoeneko ekoizpen berriak kaleratzear dituzte, adi beraz.

ARITZ SOUND SYSTEM

BENJAMIN ZEPHANIAH - naked

BENJAMIN ZEPHANIAH “NAKED”

Musika, gustu kontua dela esan ohi dugu beti. Musikan, sonoritatearekin batera beste hainbat osagaik dute garrantzia. Kantuetan, letrak dituztenean, letra horien edukiak garrantzia izan dezake kantu bat gustatzerako garaian. Hau da, kantua behin entzunda musikalki gustatzen bazaigu eta era berean letra ulertu eta hau ere atsegin badugu, kantu borobila izango da. Letra ulertu gabe, kantu bat ere gustukoa izan daiteke (askotan gertatzen zaigu). Eta letraren arabera, ziurrenik, kantu bat gehiago edo gutxiago gustatuko zaigu. Normalean, letrari baino musikari ematen diogu garrantzi gehiago. Gehienetan, ulertzen ez ditugun hizkuntzetan entzuten dugulako musika izango da. Benjamin Zephaniah olerkilaria da. Olerkiak musikarekin jazten ditu eta bere diskoak entzunda, musikak baino, hitzek garrantzi gehiago dutela esango genuke. Naked izeneko diskoan, zaila da aurreko diskoetako reggae doinuak atzematea. Doinuak garratzak dira oso, eta letrak berriz, gordinak. Diskoarekin batera doan liburuxkan irudiak doaz. Pentsatzera behartzen zaituzten irudiak, eta hitzak. “Denek aitari begira ari dira; esaten dutenez, gizonen mundua da. Aitari begira jarraitzen dugu bidea ezagutzen duena ama denean”.

ARITZ SOUND SYSTEM

BENJAMMIN - rise up

BENJAMMIN “Rise Up”
(Brixton, 2007)

Duela hamabi urte (1995. urtean) ezagutu genuenean guztiz ezezaguna zen guretzat. Hernaniko Rock Astearen barruan Bartzelonako Rockersoundeko jendea gonbidatu genuen. Lehenengo aldia zen Hernanin sound system bat antolatzen zela (Euskal Herrian ere ez ziren ziurrenik aurretik asko antolatuko) eta ikusmin handia zegoen. Diego zen musika aukeratzailea eta ahotsetan, Londonetik espresuki etorritako Clappa Priest (ragga estiloa) eta Brightongo Benjammin zeuden (azken honek gainera saxoa jotzen zuen). Urte asko igaro dira eta urte guzti hauetan, tarteka, Benjamminen berri izan dugu. Jamaikar musikaren maitale amorratua da eta izugarrizko lana egin du musika hori zabaltzeko unean. Ezagutu genuenean umila eta jatorra iruditu zitzaigun eta duela aste gutxi Ordizian elkarrekin Bertso-Rap sound system emaladia egin genuenean idei hori berretsi genuen. Orain, urteetako lan gogorraren ondorioz, diskoa kaleratzea lortu du. Bere ametsa zen. Diskoa duina egitea lortu du, maila altuko laguntzaileak izan ditu (Roberto Sanchez, Jazwad, etab.) eta gehien gustatzen zaio sustraizko roots reggaea erakustera dator. Zorionak Ben.

ARITZ SOUND SYSTEM

BOILER ROOM - Cant breath

BOILER ROOM "Cant Breathe" (El Diablo, 2000)

Hasiera batean Hip-Hop musikarekin lan egiteagaitik ezaguna egin zen Tommy Boy zigiluak rock gogorraren aldeko apostua egin du azken aldi honetan eta metal eta rock doinuak nahasten dituen Bolier Room taldearen diska aurkezten digu oraingoan. Taldeko kideek Deftones edota Incubus taldeen eragina garbia dutela onartzen dute. John Travisek ekoiztua (Kid Rock...) eta Phil Nicolok nahastua (Cypress Hill, LOA...).

BURAKA SOM SISTEMA - black diamond

BURAKA SOM SISTEMA “BLACK DIAMOND”

Dantzarako musika. Buraka Som Sistema taldeak egiten duen musika dantzarako gonbitea du oinarrian. Erritmo azkarrak dira noski, house edo technoaren oinarrizko bonboaren antzekoak baina erritmo horietatik aldentzen dituen osagaiekin. Zaila da deskribatzen. Lehen entzunaldian, brasilgo favelatan azken urteotan modan jarri diren funk eta elektro doinuak ditu (funk carioca delakoa. MIA bezalako artistek mundu mailan ezagun egin dituzten doinuak), raparen eta dancehall musiken abesteko edo ahoskatzeko erarekin (portugesez) eta Angolan jatorria duen koduro erritmoen eraginarekin. Ez da harritzekoa. Buraka Som Sistema taldea jatorri portuges-angolenoa duten kideek osatzen dute baina euren herrietan topikoak diren doinuetatik ihesi, eta sareak zabaldu dituen aukera amaigabeetaz baliatuz, imajina ezin daitezkeen musiken eragina jaso dute. Oinarrian dantzarako musika indartsua egiten dute, zikina, zatarra eta energiaz gainezka dagoena. Melodietatik ihesi, dantzaren adar basatiena arakatzen dute eta euren musikak, mendebaldeko gizarte garbi eta ongi ikusiak ezarritako eskemekin apurtzeko gonbitea egiten du.

ARITZ SOUND SYSTEM

BURNING SPEAR - Jah is real

BURNING SPEAR “JAH IS REAL”
(Burning Music, 2008)

Hau bai indarra. 60. hamarkada amaieran ekin zion musikaren bideari eta urte guzti hauetan, maiztasun handiz, diskoak kaleratzen eta kontaezinak diren kontzertuak ematen jarraitu du. Jamaikako Saint Ann nekalazal gunean Winston Rodney jaioa (Bob Marley eta Marcus Garvey bezala), herri beltzaren independentziaren defendatzaile sutsua izan da. Marcus Garveyren jarraitzailea, beltz izatearen arrotasuna Afrikarako itzuleraren bozeramaile izan da. Reggae musikaren urrezko aroko ezinbesteko abeslaria da, bere kantuak konposatzen ditu eta 2002an sortutako diskoetxean kaleratzen ditu (diskoetxe eta banatzaile nagusien ustiaketaz nazkatuta, auto ekoizpenak dira, mundu osoan zabaltzen direnak). Disko berrian (aurrekoetan bezala), Marcus Garveyren mezuak, Afrikar sustraiak (musikalki ere) eta duintasuna atzeman daitezke nonahi. Hamairu kantuz osatuta dago eta horietako bat Step It kantuaren nahasketa da, Public Enemy taldeko Brian Hardgroove baxulariak egina. Diskoan, besteak beste, Bootsy Collins eta Bernie Worrell bezalako funk izarrek hartu dute parte baina reggaearen sustraietatik aldendu gabe.


ARITZ SOUND SYSTEM

BUZZIN FLY - vol 1

ASKOREN ARTEAN BUZZIN FLY. VOL.ONE

Buzzin Fly disketxearen lehen bilduma honetan gaur egun egiten den soul modernoaren hainbat adibide eskeintzen zaizkigu. Bilduma osatzen duten kantuen aukeraketan Ben Watts jarri dute eta espero zitekeen bezala, ez du hutsik egin. Ben Watts, Everything but The Girl talde arrakastatsuaren partaidetako bat da eta Tracy Thorn-ekin batera, XX. mende bukaerako pop-soul doinu ederrenetakoak konposatu zituen. Gaixotasun larri bat gainditu ostean, erritmo geldoak baztertu eta dantzalekuetara zuzendutako erritmoak erakarrita, Ingaleterrako (eta orohar mendebaldeko) diska jartzaile kotizatuan bilakatu da. Ezagunak dira Lazy Dog aretoaren izenarekin kaleratu dituen sesioak eta ezagutu beharrekoak dira, house ekozile askorentzat egin dituen nahasketa dotoreak. Oraingoan, Buzzin Fly-k eskatuta, erritmoak zertxobait lasaitu eta deep house souleroenaz osatu du bilduma. Tartean, Soldiers of Twilight, Rodamaal, Low, Cue edota Deep House Soldiers bezalako proiektuen (guretzat ezezagunak gehienak) kantuekin. Garaiak aldatzen doaz lagun eta Ben Watts ez du garaiz kanpo geratu nahi.

ARITZ SOUND SYSTEM

CALAÑA - Ñ

CALAÑA “Ñ”

“Oinarrizko koloreen nahasketatik sortzen dira kolore ederrenak”. Horrela laburbiltzen dute Calañako taldekideek egiten dutena. Hasiera batean, oso desberdinak omen diren estiloetatik datoz taldeko kideak; Domingo Calzado abeslaria, flamenkoaren sustraietatik edan du eta odolean darama abesteko era berezi hori; Mariano Medina gitarra jolea bluesaren eremutik dator; Oswaldo Oneca baxu jolea da eta jazzaren doinuak ditu maite eta azkenik; Alén Aierdi, Marea taldearen bateria, rockaren indarra miresten du. Kolore guzti horien nahasketak ematen dio bizia Calaña taldeari. 2005. urtean sortzen da taldea eta hasieratik, naturalki jorratu dute estilo guzti horien arteko harremana. Disko honetan gainera lagun izan dituzte Javier Mora pianoan, Gino Pavone perkusioan eta Airam ahotsean. Flamenkoa, jazza, bluesa eta rocka maila handiko musikarien eskutik helduta. Ez da proposamen berria. Estatu espainiarrean asko dira harreman hori landu dutenak eta horietako batzuk komertzialki arrakasta nabarmena lortu dute. Calaña taldeak ez du ezer berririk eskaintzen baina musika honen maitaleek diskoan entzun daitezkeen kantuekin gozatzen jakingo dute.

ARITZ SOUND SYSTEM

CARLOS CHAOUEN - Maldita

CARLOS CHAOUEN "Maldita" (Fonomusic, 2000)

Bere bigarren diska aurkezten digu Carlos Chaouen izeneko bakarlariak. Filme baten gidoitik aterata dirudien bizitza duen gizon honek urte hauetan izan dituen bizipenen ondorioa da diska. Hamabi urte zituela San Fernando (Cádiz) jaioterria utzi eta gitar zahar bat lagun duela Madrilera joango da. Bertan grabatuko ditu lehen kantuak eta horietako bi egingo dute ezaguna estatu osoan, `Bosque Lejano´eta `Loca´ kantuak dira. Diska honetan, aurrekoan bezala, kantuen letrak garrantzia berezia dute eta harretaz entzutekoak dira. Musikalki berriz heldutasun haundiagoa nabari zaio.

ARITZ SOUND SYSTEM

CHEIKH LO - jamm

CHEIKH LO “JAMM”
Gogo asko genituen Cheikh Lo musikariaren disko berria entzuteko. Diskoa kaleratu aurretik oso aipamen onak entzun genituen eta aurreko lanak ezagututa ez gintuen harritzen. Burkina Fason jaioa (Maliren mugan) baina gurasoak Senegaldarrak izanda Afrikako lurralde desberdinen iturrietatik edan izan du beti eta hori izan da bere musikaren ezaugarrietako bat. Gazte urtetan modan zegoen Zaireko rumbaren eragina jaso zuen (sustraiak son kubatarrean ditu) eta hortik aurrera musika estilo desberdinetatik edan izan du (Burkinan, Senegal eta Frantzian bizi izan da). Jasotako aberastasun musikal hori bere diskoetan islatzen du, baita disko berrian ere. Dena den, funk, reggae eta afro-karibear musikaren eragina nabarmena bada ere, musikaren sustraiak Afrikan mantentzen ditu, jaio eta bizi izan den lurraldeetako musika tradizionalean. Cheikh Loren disko guztietan bezala, azken honetan ere, ahotsaren erabilera nabarmentzekoa da eta honekin batera, hizkuntza desberdinek ematen dioten tonalitateen jokoa ere (frantsesa, gaztelera, Jula (Burkina Faso) eta Wolof (Senegal)). Kolaborazioak ere ez dira edonolakoak eta diskoan zehar Pee Wee Ellisen saxoa (J.B´s) eta Tony Allenen bateria (Fela Kuti) entzun ditzakegu, besteak beste. Kantuen tematikari dagokionez berriz, aniztasuna da nagusi; bakea, etorkinen egoera, materialismo eta kapitalismoari kritika, jeloskortasunari buruzkoa, Thomas Sankarari omenaldia (Burkina Fasoko presidente ohia) eta nola ez, Jainkoari eta Baye Fall erlijioari buruzkoa (erlijio musulmanaren adar senegaldarra).

ARITZ SOUND SYSTEM

CONTRATEMPO - Lonely

CONTRATEMPO

Harrigarria da Mediterraneo itsasoaren babespean katalanez abesten duten ska taldeen kopurua. Orain aurkezten ditugun hauek Castelló-koak dira eta Jamaikar musikaz liluratuta sortu ziren 2004. urtean. 60. hamarkada bukaeran, Jamaikan nagusi ziren ska eta rocksteady, early reggae doinuak maite dituzte eta doinu horiek erabiltzen dituzte kontatu nahi dutena kantatzeko. Orain aurkezte dugun diskoa taldearen estreinako diskoa da, 2004. urtean kaleratua baina taldearen izaera nolakoa den ezagutzeko balio du. Jamaikar banden antzera osatua, haize sekzioak garrantzi handia du, baita ahots jokoak ere. Ira da ahots nagusia eta lehen aldiz entzuten dutenei ziur, Begoña Bang Maturen ahotsa gogoratuko diela. Taldearen lehen disko honetan, hamar kantu entzun daitezke eta azkena ezik, Nina Simoneren “ My Baby just care for me” kantuaren bertsioa da, beste guztiak taldeak konposatutako abestiak dira. Omenaldi hori eta diskoaren diseinua ikusita (azalean ukabila jasota duten beltz emakumeak azaltzen dira), argi dago, 60-70 hamarkadetako Pantera Beltzen mugimenduak erakartzen dituela. Lehen disko honetaz gain, taldeak “L´Edat Daurada” bilduman parte hartu du (bertan Jamaikar musika lantzen duten estatuko taldeak biltzen dira) eta duela gutxi, bost kantuz osatutako maxia kaleratu dute “Lonely” izenpean.

ARITZ SOUND SYSTEM

CULTURE - World Peace

CULTURE "WORLD PEACE" (Heartbeat)

1977. Zazpikoen borroka. 2003. Itzulera. Musikari askoren doaia eboluzionatzen jakitea da, denborarekin batera aldatzen jakitea. Eboluzio horrek gaztetu egiten ditu askotan, modan daude eta modan jarraitzen dute moda aldaketarekin batera aldatzen direlako. Beste batzuk ordea, hasieratik egin dutena egiten dute beti. Gosaldu, bazkaldu eta afaldu, eta ondoren lo. Jan eta edan eta lo. Joseph Hill Culture taldearen ahots nagusia izan da beti. Ahots laguntzaile berdinak izan ditu ia beti eta musikariak, aldatzen doaz baina beti dira onak. Sustraizko reggaea egiten du beti eta gaiak, aldatzen diren arren, erlijioa eta justizi soziala dira. Kasetean, biniloan KD, Mini Disc zein DVDan, soinua antzekoa da, kalitate haundikoa, ia beti. Nere lengusuak soinu txarreko grabazio bat zuen. Zuzenekoan ere askotan errepikatzen dituzte kantuak, klasikoak dira batzuk, jendeari gehien gustatzen zaizkionak dira eta horregatik jotzen dituzte. Tartean kantu berriak ere sartzen dituzte. Oso kontzertu onak ematen dituzte. Hilabeteak ematen dituzte eszenatokietan eta oso nekatuak daudenean Jamaikara itzuli eta mendian, belar artean berreskuratzen dituzte indarrak. Joseph Hill-ek ahots pribilegiatua dauka eta kantuak konposatzeko berezko doaia. Arrautza frijituak patata frijituekin asko gustatzen zaizkit, astean behin gutxienez.


ARITZ SOUND SYSTEM

CULTURE WARRIORS - HOTTA FIRE

CULTURE WARRIORS HOTTA FIRE

Harrigarria da musikaren sukarrak eragiten duen beroaldia. Jende gehienak, bere bizitzaren tarte batean, musikakeriko interesa sentitu duela pentsatu nahiko genuke. Askorentzat musika hor dagoen zerbait da, bigarren edo hirugarren mailan dago eta tarteka, bere esku ez dagoen arrazoiengatik gehienetan, harreta jartzen dio, besterik gabe. Hauetako askok, urteak pasa ala, musika gazteen kontua dela pentsatuko du eta kitto. Beste gutxi batzuentzat berriz, musika bizitzako atal garrantzitsua izango da eta hauen artean, gutxiengo batentzat, musika bizitza bera da. Azken hauetako batzuk ezagutu genituen duela gutxi. Horietako bat leroy One Stone izenekoa Karibeko Granadan jaioa, bizitza osoa reggae musikari eskeini dio eta bere bizitzari reggae musikak ematen dio zentzua. Musikaren bidez Jah-en mezua zabaltzea da bere patua. Komertzialki ez du inoiz arrakasta haundirik lortu eta kantu gutxi batzuk grabatu baditu ere ez du inoiz diskarik kaleratu eta hala ere, urteak pasa eta Leroy-k ahal duen aukera txikienaz baliatzen da bere ahots ederraz jendea emozionatzeko. Leroy-k osatu duen azken taldea Jah Garden House deitzen da, duela gutxi euskal Herrian izan ditugu giran eta bere taldeko baxulariak, Ras Jouqmahi izenekoak, baxua jotzeaz gain musika konposatzen du. Musika hori Prince Mike izeneko Malagako abeslariarekin batera kaleratutako diska honetan entzun daiteke. Autoekoizpena. www.culturewarriors.com

ARITZ SOUND SYSTEM

DANNY KRAVITZ - Expansions

DANNY KRIVIT "EXPANSIONS"

Nick Holder-en itzala luzea dela erakustera dator NRK zigilua. Nite:Life izenpean mundu mailan dauden diska jartzaile kotizatuenen sesioak ekartzen dizkigu tarteka eta azkena, hamaikagarrena, Danny Kravit-i egokitu zaio. Urteak dira Danny Kravit, Body & Soul, New York hiriko dantza areto ezagunaren diska jartzailea dela. Jakina da, areto horretan sustrai beltza duten erritmoak direla nagusi eta soul, funk eta disco kutsukoak maite dituzte bereziki. Osagai horiei jazza eta latindar perkusioak gehitu eta, azkarregiak izan ez arren, oso dantzagarriak diren erritmoez betetako kantuak jaso ditu diska bikoitz honetan. Fantastic Plastic Machine, Blaze, Dj Food, Dennis Ferrer, Mr. Hermano...eta antzekoen arri bitxiak elkarrekin urtu ditu. Kilate askotako emaitza.

ARITZ SOUND SYSTEM

DAVID HILLYARD 6 THE ROCKSTEADY 7-LIVE KASSABLANCA

DAVID HILLYARD 6 THE ROCKSTEADY 7 “WAY OUT EAST: LIVE AT THE KASSABLANCA”
(Brixton records, 2007)
Aurrera darrai Getxoko Brixton records diskoetxeak jamaikar doinuen zabalkundearekin. Oraingoan David Hillyard saxofoi jolearen disko berria aurkeztera datoz. Eta disko berria diogu gure artean aurten kaleratu delako baina diskoaren musikari erreparatzen badiogu 2004. urteko abenduan zuzenean grabaturiko diskoaz ari gara. Data horretan, David Hillyard eta bere taldekideak, Rocksteady 7 taldeko lagunak, kontzertua eskaini zuten Alemaniako Jena herrian kokatzen den Kassablanca aretoan. Zuzeneko disko batetaz ari gara beraz. Jamaikar musikak esperientzi oparoa du diskogintzan baina zalantzarik ez dago zuzeneko musika dela. Jamaikarrek musikarekin kalean gozatzea maite dute eta jazzaren ereduari jarraiki inprobisatzea atsegin dute. David Hillyard New York hirikoa da eta zuri baina hori ez da oztopo reggae eta ska doinuak jamaikar petoena bezala sentitu ditzan. Eskarmentu handiko musikaria da eta urte asko eman ditu jamaikar musikaren aitzindariekin lanean (Roland alphonso, Doreen Schaeffer, Glen Brown, e.a.). Jamaikar musikaren aitzindariekin eta baita jazz eta blues musikari askorekin ere. Esperientzi luze horren emaitza da bere taldearekin eskaintzen digun musika. Ska erritmoetan oinarritutako jamaikar musika koloretsua, diskoan gustura entzuten dena baina zuzenean gozatzeko pentsatua dagoena.

ARITZ SOUND SYSTEM

DENNIS BROWN PRESENTS PRINCE JA

DENNIS BROWN PRESENTS PRINCE JAMMY UMOJA/20 CENTURY DEBWISE

Entzun aldizkariaren ale honetan Jamaikar musikan Jamaikatik kanpoko musikek izan duten eragina (AEBetako R&B eta Soula bereziki) zein izan den eta Jamaikar musikak, ondoren , beste musiken gainean izan duen eraginaz hitzegiten da. Erreportai horren zati garrantzitsua Dub musikari eskeinitakoa da eta egia esan, hitzez azaltzen zaila den kontzeptua dela onartu beharra dago. Orain aurkezten dizuegun diska entzutea izan daiteke erreportaian agertzen den azalpena hobe ulertzeko tresna egokia. King Tubby izan zen Dub kontzeptuaren sortzailea eta erreportaian azaltzen den moduan, bere ikasle aurreratuen artean, Prince Jammy ezizena zuena zegoen. Orain aurkezten dizuegun diska honetan Prince Jammy soinu teknikariak Dennis Brownek konposatutako edota ekozitutako musikak nola bernahasten dituen entzun ahal izango dugu; hau da, Prince Jammy-k reggaean egon den abeslari, konposatzaile eta ekozile haundienetakoaren kantuei egiten dien dub bertsioak entzun ahal izango ditugu. Dennis Brown, Junior Delgado edo Tamlins bezalako abeslarien kantu hauek, 1978 eta 1979an kaleratu ziren Umoja love & Unity eta 20th Century Debwise izeneko bi diska desberdinetan. Garai hartan dub musika bere maila gorenenean zegoen eta merkatua dub bertsioekin osatutako diskez gainezka zegoen, hori dela eta agian ez zitzaien merezi zuten harreta eskeini eta orain, Blood & Fire zigiluaren lan izugarriari esker, garai hartan egindako akats barkaezina konpondu dezakegu. Garaiz gaude.

ARITZ SOUND SYSTEM

DENNIS COFFEY - Big City Funk

DENNIS COFFEY “BIG CITY FUNK”

Euskal Herrian, gutxi dira estudioko musikari lanetan ari direnak; eta horretan dihardutenak, maila altuko musikariak izanda ere, ez dira batere ezagunak. Gure mugetatik kanpo ordea, oso ohikoa da estudioko musikaria izatea, musikaz bizi diren musikari profesionalen artean behintzat. Eta are gehiago estilo zehatz batzuetan. Ezinezkoa litzateke jazz, soul edo reggae musikaren historia ulertzea estudioko musikaririk gabe. Musikaren “mertzenario” hauek izan dira estilo hauen doinu ezagunenak jo dituztenak. Soul musikaren kasuan, Motown zigiluak, kotxe fabriken antzera, katean lan egiten zuen. Eta kate horren ezinbesteko atala osatzen zuten estudioko musikariak. Horien artean zegoen Dennis Coffey gitarra jolea. Detroiteko erdi mailako sendian jaioa, 13 urte zituela country eta rockabilly musikak ezagutu zituen. Eta hortik, soul eta funk doinuetara pasa zen. Gitarra jotzen hasi eta berehala lortu zuen musikari onaren fama. Diskoetxe txikiekin lan eta gero hasi zen Motown ahalguztidunarentzat lanean. Funk Brothers, estudioko taldearen partaide bezala, garaiko izan handiekin grabatu zuen (Marvin Gaye, Jackson5, e.a.). Filmetako soinu bandak konposatzen ere oso trebea zen. 1971 eta 74 urte artean lau disko kaleratu zituen Sussex diskoetxearentzat eta disko horietako kantuekin osatu da bilduma hau. Egungo rap abeslari askok (LL Cool J, Mos Def, Public Enemy, e.a.) bere kantuen zatiak erabili dituzte “inspirazio” modura. Ghettoetako funk rock zikina.

ARITZ SOUND SYSTEM

DJ JAZZY JEFF -Hip Hop Forever III

DJ JAZZY JEFF HIP-HOP FOREVER II (BBE/Rapster)

Nork esango luke. Bere garaian rap musikaren atal komertzialenaren parte zen Jazzy Jeff eta orain, komunikabide masiboen argietatik hurrunago egon arren, rap musikaren lehen lerroan mantentzea lortzen du. Will Smith eta Fresh Prince telesailaren garaiak pasa ziren eta Jazzy Jeff, gaur egun egiten den rap komertzial aspergarriaren jokoan sartu gabe, rap zaletuen errekonozimendua lortzen ari da, besteak beste, orain aurkezten dugun sesioari esker. A touch of jazz izeneko produktorarekin musika egiten eta promozionatzen eman ditu azken urteak eta horrekin batera, diska jartzaile lanetan aritua da. Azken atal honen barruan, rap musikaren garai desberdinak jasotzen dituen sesioa kaleratu berri du, tartean klasiko, gauza ezagun eta ez horren ezagunekin (Nas, Beatnuts, Pharcyde, Cypress Hill, Gang Starr, Jeru edota Wessun, O.C., Jaylib eta antzekoekin). Orohar, BBE eta Rapster zigiluek kaleratzen dituzten lan gehienetan bezala, kalitatearen eta komertzialtasunaren (zentzu onean) arteko oreka lortzen duela esan daiteke.

ARITZ SOUND SYSTEM

DONAL LUNNY - The Best

DONAL LUNNY "The best" (Hummingbird-Resistencia, 2000)

Zeltiar musika zaletuentzat derrigorrezko erreferentzia da Dónal Lunny. Musika egile, zuzentzaile eta ekoizlea da bera eta bai irlandar musika tradizionalean eta baita musika horren eboluzioan paper garrantzitsua jokatu duen gizona da. Ekoizle lanetan besteak beste Clannad, Elvis Costello, Mark Knopfler, Baaba Maal, Van Morrison edota Sineah O´Connor bezalako jendearekin ibilitakoa da. Horretaz gain, Planxty, La Bothy Band, Moving Hearts eta azkenik Coolfin taldeetako partaidea izan da eta besteak beste panderoa, kitarra eta bouzokia maixuki menperatzen ditu. Madrilgo Resistencia disketxeari esker iristen zaigu orain `ipurdi bero´ honen kantu ezagunenak jasotzen dituen diska bikoitza.

ARITZ SOUND SYSTEM

DR CALYPSO - Mr. Happiness

DR. CALYPSO "Mr. Hapiness"

Zoriontasun jauna. Dr. Calypso katalanen diska berri ez da berria. Azken ia hogei urteetan zehar egindakoa egiten jarraitzen dute: ska. Ska musikaren izaeraren parte dira erritmo azkarrak, dantzagarriak eta alaiak eta horiek dira Dr. Calypsoren diska honetan aurkituko ditugunak. Estatuko ska talde aintzindariaren kantu berrietan jamaikar skaren jazz ukituak eta europear kutsuko erritmoen pop izaera aurki daiteke. Ez dira garai zoriontsuak ska musikarentzat. Jamaikan aspaldi utzi zioten ska musika egiteari (salbuespenak salbuespen) eta AEBak, Europa eta Japon dira musika estilo hau bizirik mantendu dutenak. Euskal Herrian nahiz eta betidanik izan diren ska zaletuak ez ditu bere garairik onenak bizi. Egoerari buelta eman nahiean lanean urte asko aritu dira Dr. Calypso. Hasieratik FBI (Fuentes Bien Informadas) fanzineari lotuta Katalunia izan da estatu mailan skazaletu gehien jaso dituena. Ska, musika estiloa izateaz gain bizitza ulertzeko eta disfrutatzeko modua da eta bere estetika propioa du. Charlie Brown bezalako artistei esker estetika hori bizirik mantendu da eta gaurkotua dago; bera da estatu mailan ska musikarekin erlazionatutako edozeren irudia. Irudiaren atzean dagoen mamia berpizteko berriz lan asko dago egiteko oraindik. Grcies.

ARITZ SOUND SYSTEM

DREADZONE - Sound

DREADZONE "SOUND" (Rufflife)

-Ongi etorriak dread elektronikoaren etxera! Zer moduz?
-Betiko musikaz aspertuta nago!
-Eta?
Betiko kontua. Musika ona eta txarra. Hau ona da, hau txarra da. Hau kaka bat da eta hau de puta madre dago, de la ostia. Niri rocka gustatzen zait, niri punka, niri popa eta niri technoa. Esque hau ez da rocka, hau ez da popa, hau ez da technoa, hau ez da rigia. Eta?
Dreadzonek hamar urte daramatza musika egiten eta oraindik horrela gaude? Lau diska kalean eta (gu ez) oraindik irrati formulari sintonizatuak...
Nork dio beldur makinei? Nork behar du rocka? Nork behar du technoa? Nork behar du reggaea? Eta duba? Zer da duba? Dantzalekuan sartzeko ordainduko duzu? Alkohola azukre finduarekin edateko ordainduko duzu? Eta musika entzuteko? Nork behar ditu diska jartzaileak Nork behar du samplerra? Eta konputagailua?
Entzun nahi dut eta ikasi nahi dut. Behin eta berriro. Probatu, dastatu eta sentitu nahi dut. Informazioa behar dut. Zuzenekoak, taldearekin eta talderik gabe. Soinu ona nahi dut eta grabeak konprimituak nahi ditut. Milaka watio. Ikusi eta dantzatu. Emanaldien berri nahi dut eta etxetik gertu nahi ditut. Eta ez badituzte ekartzen ekarriko ditut/gu. Ulertzen? Dardara neska, dardara!

ARITZ SOUND SYSTEM

Dj Yulian - Shock

Dj Yulian "Shock!"

Urteak dira Dj Yulian rap biniloak txikitzen hasi zela. Madrilen bereziki ugariak dira diska jartzaile honek girotu dituen festa eta kontzertuak. Txanpinoiak bezala ugaritzen diren estatuko rap taldeen kantuak jasotzen dituen bildumetan ere parte hartu izan du eta orain, dagoeneko ia ia derrigorrezkoa den pausoa eman du, musika egin eta musika horrekin diska kaleratu. Orohar estatu mailan egiten den rap musikaren jarraipena da diska, landuegiak ez diren baseak, jazzari keinuren bat tarteka (instrumentu organikoekin), platoekin duen trebeziaren erakusgarri diren kantuak ( turnablism teknikak) eta beste diska edota filmeetatik ateratako sanplerrekin apaindutako kantuak. Ezagunak egiten ari diren abeslarien derrigorrezko kolaborazioak; Nach, Toteking, Falsalarmako Tito eta El Santo, Zenit, Artes eta Bajo Minimos. Instrumentalak batzuk eta abestuak diren kantuetan berriz ohiko tematika lehor eta aspergarria; nire flowa onena da eta zureak ez du ezertarako balio, aurpegia txikituko dizut, papera mutur aurrean dut baina inprobisatzen ari naizela sinistarazi nahi dizut... Noizko Arrested Development, Gumbo, Digable Planets, Alliance Ethnik eta antzeko taldeen kalitatea eta mezu landu/positiboa egiten duten taldeak estatuan?

ARITZ SOUND SYSTEM

EDDY SENAY - Soul Preachin

EDDY SENAY “SOUL PREACHIN´”

Zenbat musika ona egin da eta egiten da munduan. Berdin dio garaia edo kokapena. Beti egongo da sentimenduak musikatzeko prest dagoen jendea, zorionez. Arazoa, musika horretara iristea izan ohi da. Askotan, zirkuitu komertzialetatik kanpo dagoen musika da gehien interesatzen zaiguna, eta era berean, lortzen zailena izan ohi da. Vanpisoul bezalako diskoetxe txikien lan izugarriari esker, duela urte asko “galdutako” doinuak berreskuratzeko aukera dugu orain. Bai bere garaian eta baita orain ere, guztiz ezezagunak diren musikarien diskoak eskura ditugu, eta musika munduko izarrak izan gabe, musikaren bidez eskainitako edertasun guztiarekin goza dezakegu. Guzti honen adibidea (beste bat) da Eddy Senay gitarra jolearen “Soul preacher” diskoa. Egia esan, bi disko batera jasotzen dira CD formatuan (“Hot Thang” eta “Step by Step”) eta biniloan berriz bien aukeraketa egiten da. 70. hamarkadako funk dotore eta garratzaren maisu lana. Produkzio ikusgarririk gabea, sinplearen edertasuna erakusten digu. Base erritmiko indartsua eta gitarra gidari lanetan. Funk, soul eta rock zaharraren zaletuentzat bereziki, eta orotar, estiloen gainetik musika ederraren bila dabiltzanentzat aproposa.


ARITZ SOUND SYSTEM



EL COMBO LINGA - AGITALO

DISKA KRITIKA

EL COMBO LINGA "AGITALO" (GASA-DRO EAST WEST, 2000)

Historio bitxia da talde honena. Filosofia ikasketa egiten zuten bost lagunek ikasketa, parranda eta kafetegiko orduen artean sortutako proiektua da. Kitarjoleak eta kantu konposatzaileak bostak unibertsitateko festa zoro horietan hasten dira zuzenekoak ematen. Honelako aurrekariekin zer espero daiteke. Taldekide bakoitzak gustu musikal desberdinak ditu eta guzti horien emaitza da bigarren iraupen luze hau. Fusioa modan dagoen garaian El Combo Linga-koek buleriak, reggaea, musika afrikarra, bossa nova brasildarra, erritmo latinoak, samba, musika arabiarra eta rocka nahasten dute. Diskako kantu bakoitzak ipatu estiloren bat du oinarri nhiz eta gero guztien ikutuak gehitzen dizkieten. Gazteleraz kantatutako letra ironikoak eta kantautore kutsua kantu gehienetan. Diska Cadiz-en grabatua da eta hori hasieratik atzeman diteke. Hondartzak, itsasoa, eguzkia, flamenkoa...


SOUND SYSTEM

EURIDIA - Lovers Rock

EURIDIA “LOVERS ROCK”

Euskal Herrian Jamaikar musika zabaltzeko lan egin duten izenen artean, ezinbestekoa da Ibon Larruzea aipatzea. Akats taldeko partaide, instrumentu desberdinak jotzen dituen musikari aparta eta soinu teknikari paregabea da. Eta hori gutxi balitz; abeslaria ere bada. Azken orteotan, Euskal Herrian eta estau espainiarrean reggae musikarekin egin diren proiektu garrantzitsuenetan parte hartu du. Roberto Sanchez eta bere proiektu guztien kolaboratzaile fidela, 12 Tribu, BDF, lod & Lone, Ambassah eta beste hainbat taldeekin aritu da; instrumenturen bat jotzen edo soinu tekniko bezala. Euridia, Ibon Larruzearen bakarkako egitasmoa da. Orain aurkezten zaigun diskoa 2004. urtean hasi zen grabatzen. Lehen pausoak Euskal Herrian eman zituen eta Italiatik pasa eta gero, etxera bueltatu zen 2005. urteko irailean diskoa bukatu arte. Diskoan, izenburuak dioen bezala, Lovers Reggae estiloa da nagusi (izenburua jokoa izan daiteke, reggae maitaleak eta maitasunezko reggaearen artean; bietatik duelako diskoak). Eta maitasuna da diskoaren funtsa, pertsona batek duen maitasun beharraren isla. Diskoa sesio modura egituratuta dago eta kantu gehienak, Ibonek berak konposatu, abestu eta jotzen baditu ere, The Illusionary band delako banda misteriotsuaren laguntza izan omen du (ilusioa ote?). Haize sekzioan berriz Akatzeko lagunak. Euskal Herrian, itzalean mantentzen diren hainbat musikarik duten mailaren erakusgarri.

ARITZ SOUND SYSTEM

FLIGHT 404 - Trip to moon

FLIGHT 404 “TRIP TO MOON”

Liquidator zigiluak indarrean daraman hamar urteetan egindako lan txukunaren emaitza berria da Flight 404 taldearen diskoa. Liquidator zigiluak, hasieratik 60. hamarkadako doinuak, jamaikarrak bereziki, ezagutarazteko lana egin du. Norabide horretan, disko honekin, urrats berri eman du. Flight 404 taldea 2003. urtean sortutako taldea da eta taldearen sorreratik 60. hamarkadan Jamaikan nagusi ziren doinuak egiten saiatu da; rocksteady eta early reggae (rasta tematika lantzen zuen reggaearen aurrekoa). Barret anaien jarraitzaile sutsuak, musikari jamaikar hauek Upsetters, Wailers, The Hippy Boys edo Harry J ekoizlearen banda bezala egindako lana mirestu eta goraipatzen dute. Doinu horiek fidelki erreproduzitzeko asmoarekin garaiko grabazio teknikak erabili dituzte eta oso emaitza txukuna lortu dute. Hamalau kantu guztira (bertsio bakarra), instrumentalak batzuk eta abestuak besteak (soulak eragindako ahots hirukote jamaikarren estiloan).

ARITZ SOUND SYSTEM

FROM HEAD TO TOE - From head to toe

FROMHEADTOTOE "Fromheadtotoe" (Subterfuge records, 2000)

Estatu mailan zuzeneko emanaldirik indartsuenetakoa omen duen taldearen lan berria kalean da. Hirugarrena dagoeneko, madril eta Bartzelona artean grabatua Huw Price produktore ingelesaren ekoizpenarekin. Pop intimista eta rock ikutuko kantuak entzun daitezke bertan estatuko talderik preziatuenetakoa zergaitik den argi utziaz. Zuzenean ikusi nahi badituzu otsailaren 10ean Bilborock-en eta 24ean Bergarako Jam aretoan joko dute.



Fermin Muguruza-Irun meets Bristol erderaz

FERMIN MUGURUZA
Irun meets Bristol
KOMUNIKAZIOA

Irun conoce Bristol. Metak ha descubierto Bristol y Fermn ha conocido a Martn Mantxo. El euskera hace tiempo que conoci el reggae y ahora el euskera ha redescubierto el drum & bass, el dub y las remezclas. Msicos de Bristol acaban de conocer el euskera y el Basque Country.
La msica es uno de los mejores medios de comunicacin que existen y como lenguaje de sentimientos y sensaciones que es, no tiene lmites. "El que lo siente lo conoce" dice el refrn.
"Irun meets Bristol" es el resultado de un ao de duro trabajo, un trabajo que comienza a dar sus primeros pasos con el disco de homenaje al preso poltico Mumia Abu-Jamal. Han pasado nueve aos desde que Martn Mantxo dejara Euskal Herria e hiciera de Bristol su lugar de residencia, relacin, trabajo y campo de batalla. Nueve aos en los que militando en el proyecto Kebele Kulture Project ha desarrollado una ardua labor en la lucha por la legalizacin de las drogas, la ocupacin, en defensa de los derechos de los presos, en contra de las guerras de Irak y Afganistn y, entre otras muchas actividades, esforzndose especialmente en dar a conocer la realidad social y poltica de Euskal Herria. Este disco es un paso ms en ese sentido.

SONIDO BRISTOL

Bristol no tiene un sonido definido. Bristol tiene su historia, sus casas, sus vecinos, sus emigrantes, sus desempleados, sus msicos, su droga, su polica... Bristol es una ciudad costera, Bristol es una ciudad de paganos, de romanos y de comerciantes de esclavos, irlandeses primero y negros africanos despus. Algunos de los habitantes de Bristol son descendientes de los que se enriquecieron con el comercio de esclavos y otros muchos son descendientes de los descendientes de esclavos que emigraron de las colonias caribeas para convertirse en nuevos esclavos. Trabajadores con races africanas. A algunos msicos de Bristol les gusta el reggae, el dub, el drum& bass, el punk y el rap y los mezclan en las fiestas y sound systems que organizan. Algunos de los msicos que han remezclado los temas del disco In-komunikazioa residen en Bristol pero otros no. Que mas da. Comparten la pasin por los mismos sonidos y comparten la pasin por una manera de entender la msica y la vida. Neil Perch miembro del grupo Zion Train, no reside en Bristol. Que mas da. Como a todos los que han tomado parte en el disco le gusta el reggae, el dub, el drum& bass, el techno, el hip-hop y otros muchos estilos con nombres exticos e impronunciables. Ama las fiestas y los sound system. Zion Train tienen su propio sello, Universal Egg y promocionan la msica que les gusta, sin imposiciones. Hacen su propia msica y a travs de ella difunden los mensajes que quieren. Publican un fanzine que informa de lo que los medios no informan. Quieren cambiar las cosas, dar pasos y avanzar. Eso es lo que tienen en comn todos los que han participado en este proyecto y eso es lo que ha hecho posible que la comunicacin entre ellos sea tan rica y fluida. Euskal Herria necesita comunicar. La msica hecha en Euskal Herria tiene la necesidad de comunicarse, de dar y de recibir, de enriquecerse y de hacer camino. Se a dado un gran paso adelante... hacia la recuperacin de Euskaldunon Egunkaria. Zorionak


ARITZ SOUND SYSTEM

Fermin Muguruza-Irun meets Bristol

FERMIN MUGURUZA
Irun meets Bristol
KOMUNIKAZIOA

Irunek Bristol ezagutu du. Metakek Bristol ezagutu du eta Ferminek eta Martin Mantxok elkar ezagutu dute. Euskarak reggaea aspaldi ezagutu zuen eta euskarak drum & bass-a, dub-a eta erremixak ezagutu ditu. Bristolgo musikariek euskara eta Basque Country-a ezagutu berri dute.
Musika, komunikaziorako tresna ezin hobea da eta sentimenduen eta sensazioen hizkuntz honek ez du mugarik. "Sentitzen duenak ezagutzen du" dio esaera zaharrak.
Urtebeteko lan gogorraren emaitza da "Irun meets Bristol" diska, Mumia Abu-Jamalen aldeko diskarekin hasitako urteetako komunikazioaren emaitza. Bederatzi urte dira Martin Mantxok Euskal Herria utzi eta Bristol-en bizitzen, lan egiten, sentitzen eta borrokan ari dela. Kebele Kulture Project egitasmoaren bidez giza duintasunaren alde egiten du; drogen legalizazioaren alde, presoekiko elkartasuna adierazten, okupazio mugimenduak bultzatzen, Afganistan eta Irakeko guden aurka eta beste elkartasun adierazpide askorekin batera, Euskal Herriko egoeraren berri ematen du. Bide horretan emandako aurrerapauso berria da diska hau.

BRISTOL SOINUA

Bristolek ez du soinurik. Bristolek historia du, kaleak ditu, etxeak, bizilagunak, etorkinak, langabetuak, musikariak, droga, polizia... Bristol kostako herria da, jentilen eta erromatarren herria, gizakien salerosketarekin, Irlandesak lehendabizi eta beltz afrikarrak ondoren, aberastutako herria. Bristolgo bizilagun batzuk salerosketa horrekin aberastutako sendien ondorengo dira eta beste asko, Karibeko kolonietatik iritsitako etorkinen afrikar sustraiak dituzte. Bristolgo musikari batzuk reggae, dub, punk, drum & bass eta rap doinuak maite dituzte eta sound systemetan, maite dutena, nahastu eta lau aizeetara zabaltzen dute. Bristol, Fermin Muguruzaren "In-Komunikazio" diskako kantuak erremixatu dituzten musikari batzuen bizileku da baina ez besteena. Berdin dio. Doinu batzuekiko maitasuna konpartitzen dute, baita musika eta bizitza ulertzeko modua ere. Zion Train-eko Neil Perch ez da Bristolen bizi. Berdin dio. Diskan parte hartu duten guztiei bezala, reggae-a gustatzen zaio, drum & bass, dub, techno, hip-hop eta izen arrarodun beste hainbat estilo ere. Festak eta sound systemak maite dituzte. Universal Egg izeneko disketxea dute eta gustoko duten musika kaleratzen dute, loturarik gabe. Musika egiten dute eta musikaren bidez mezuak zabaltzen dituzte. Fanzinea dute, komunikabideen ez-informazioaren kontra. Gauzak aldatu nahi dituzte, pausoak eman eta aurrera egin. Hori da komunikazio proiektu honetan parte hartu duten guztiek amankomunean dutena eta hori da, haien arteko komunikazioa aberatsa eta emankorra izatea egin duena. Euskal Herriak komunikatzeko beharra du. Euskal Herrian egindako musikak komunikatzeko beharra du. Eman eta jaso. Aberastu eta bidea egin. Pauso haundi bat eman da... Euskaldunon Egunkaria berreskuratzeko bidean. Zorionak.
ARITZ SOUND SYSTEM


GUSTAVO CERATI - Bocanada

GUSTAVO CERATI "Bocanada" (Plan B/ El Diablo, 2000)

Oso kritika onak jaso ditu Gustavo Ceratiren diska honek. Hego Ameriketako prentsa espezializatuan urteko diska bezala izendatu dute eta Argentinan urrezko diska lortu zuen. Horretaz gain hamarkadako artistarik onenaren saria jaso du Charly Garcia-rekin batera. 1982an Soda Stereo bere lehen taldea sortu zuenetik proiektu askotan murgilduta ibili da. Orain berriz argentindar hau bakarlari modura bere lehen diska aurkezten digu, pop-rock doinuak.

ISAAC HAYES - Black Moses

ISAAC HAYES
MOSES BELTZA

Musika beltzaren garapena ulertzeko ezinbesteko izena da Isaac Hayes-ena. 1942. urtean Tenesse estatuko herri txiki batean jaioa, haurtzaro gogorra bizi izan zuen. Hemezortzi hilabete besterik ez zituela ama hil zitzaion eta ez zuen bere aita ezagutu. Aiton amonarekin miseria gorrian eman zituen lehenengo urteak. Bere kabuz ikasi zuen pianoa jotzen eta oso gazte zela hasi zen Menphiseko Stax zigiluan estudioko musikari bezala. Garaiko abeslari ezagunekin aritu zen (Otis Redding, Sam & Dave, Carla Thomas, etab) baina musikari trebea izateaz gain, musika eta letra egile aparta zen. Abeslari bezala ere aritu zen baina ez zuen aparteko ahotsik. Are gehiago, ahots sakona eta zakarra zuen eta horri ere etekina ateratzen jakin zuen. Garaiko soul abeslarien ahots melodikoaren aurrean, abestiak errezitatuz, bere ahots sakonari etekina ateratzen jakin zuen (By The Time I Get To Phoenix, 1969-ko kantuan adibidez). Askorentzat, urte batzuk beranduago rap bezala ezagutuko zen abesteko eraren oinarriak jarri zituen. Argi dagoena da doan berezia zuela musika konposatzeko garaian. Abestietako tarte instrumentalei garrantzia ematen hasi zen, kantuak luzatuz eta musikariei, ordurarte eduki ez zuten protagonismoa emanez. Konposatzaile bezala zuen gaitasunaren adibide ezagunena Shaft izeneko filmearentzat sortutako soinu banda da. Blaxploitation estiloko filme honekin hasi zen zinemarekin (eta telebistarekin) urteetan luzatuko zen harreman oparoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

JACK RUBY - HI FI

ASKOREN ARTEAN JACK RUBY HI-FI

Jamaikar musikaren garapenean produktoreek eduki duten garrantziaz askotan hitzegin izan dugu. Clement Coxsone Dodd, Duke Reid edo Lee Perry izan ziren 60-70. hamarkadan famatuenak baina hauekin batera, izugarrizko garrantzia izan zuten beste askok. Jack Ruby da horietako bat. Jamaikar musikari eta ekoizle gehienak bezala, Jack Ruby sound systemen bitartez hasi zen musika munduan. Jack Rubys Hi-Fi sound systemarekin hasi zen ezaguna egiten besteak beste, irlako soinu ekipo potenteenetakoa zuelako (40 KT88 balbula omen zituen) . Berehala abeslari ugari gerturatzen hasi ziren eta sound systemean hauekin izandako harremanaren ondorioz ekoizle lanetan hasi zen. Roots reggaearen garaian garrantzi izugarria izan zuten abeslari eta musikariekin lan egin zuen; Ken Boothe, Burning Spear (honentzat Marcus Garvey eta Man in the Hill klasikoak ekoiztu zituen), Delroy Wilson, The Melodians eta beste asko. Leroy Horsemouth bateriarekin, Robbie Shakespeare baxulariarekin, Chinna Smith gitarjolearekin eta aize sekzioan Tommy McCook, Dirty Harry, Herman Marquis, Vin Gordon eta Bobby Ellisekin Black Disciples banda sortu zuen garaiko reggae banda onena. Roots Rock Reggae dokumentalean eta Rockers filme klasikoan ere ikus dezakegu. Bizitzaren azken urteetan (82-89) sound system mundura bueltatu zen AEBetatik bira arrakastatsuak eginez (Sister Nancy, U-Brown, Yellowman, Nickodemus, Top Cat, Charlie Chaplin, e.a.). Abeslari gazte eta ezezagunekin egindako lana azpimarragarria izan zen. Orain, Auralux disketxeak bere ekoizpen ezezagunak berreskuratu ditu reggae zaletuen gozamenerako. Mila esker Jack Ruby.

ARITZ SOUND SYSTEM

JACKIE MITTOO - Champion in the arena 1976-77

JACKIE MITTOO "Champion in the arena 1976-77"

Jackie Mittoo. Nor zen Jackie Mittoo? Reggae zaletuen artean ere galdera honek ez luke erantzun garbia izango eta hala ere, reggae musika, gaur egun ezagutzen dugun bezala ulertzeko ezinbesteko izena da Jackie Mittoo-rena. Studio One disketxean musikalki sortua, Skatalites taldeko partaide izan zen (baita beranduago Soul Brothers-ena ere) eta 60. hamarkadan Clement Dodd-en zigiluak kaleratutako harri bitxi askotan partaide izan zen. Teklatuetan maixu, 60. hamarkada bukaeran kaleratu zituen lehen singelak bakarlari modura. 70. hamarkada ilunean Canadan eta Londonen ibili zen, musikarekin zuen harremana galdu gabe, soul musikarekiko zuen maitasuna haunditzen zen neurrian. Urte haietan ezagutu zuen Bunny Lee ekoizlea eta berarekin batera egindako elkarlanaren emaitza da Blood & Fire zigiluak kaleratutako bilduma hau. Roots reggae musikaren klasikoak Jackie Mittoo-ren eskuetatik pasata. Jamaikar musikari asko bezala itzalean bizi izan den artista izan zen eta oraindik gaur egun ere ez da berak egindako lan eskerga behar bezala baloratu. 42 urte zituela zendu zen, inor gutxi berataz gogoratzen zela. Jamaikar musikarekin gozatu arazi eta itzalean bizi izan diren musikari guzti horiek omentzen ditu diska honek. Mila esker guztioi.

ARITZ SOUND SYSTEM

JAHMALI - Treasure Box

DISKA KRITIKA:
JAHMALI "TREASURE BOX" (Jet Star, Charm 2000)

1998an kaleratu zuen Jahmali-k bere lehen iraupen luzea "el Shaddai" izenpean. Arrakasta eta ohiartzun aipagarria lortu zuen bere garaian reggae komunitatearen barruan diska horrek eta orain, bi urte pasa eta gero, diska "berria"-rekin datorkigu. Nolakoa den negozioen mundua! Orain aurkezten zaizkigun kantuak lehen diska kaleratu aurretik egindakoak dira baina produktore desberdinarentzat grabatu zituen orduan. Lehen diskako kantuak Donovan Germain eta Stephen Marsden-ek ekoiztu zituzten Penthouse disketxearentzat eta beste hauek berriz gaur egun dagoen roots ekoizlerik nagusienak, Bobby "Digital" Dixon-ek produzitu ditu. Mafia kontuak alde batera utzirik berriz Jahmali-ren grabazio guztiek duten maila azpimarratu beharrean gaude. Roots eta Lovers estiloen arteko kantuak dira eskeintzen dizkigunak, ahots pribilegiatu eta lehen mailako musikariez inguraturik. Gaur egun kaleratzen diren reggae disken maila ertaina errez gainditzen du.

SOUND SYSTEM

JAZZBO - Black Frida

JAZZBO "Black Friday" (Liquidator)

Galdera: Zergatik dira gehiago Jamaikatik kanpo ska-jazz estiloa lantzen duten taldeak Jamaikan baino? Beste erara esanda. Zergatik ez da gaur egun Jamaikan ia ska-jazz musikarik egiten? Zer gertatzen ari da ska-jazz musikaren sorlekuan? Zergatik ahaztu dituzte Jamaikan 60. hamarkadan arrakasta itzela zuten abeslari eta taldeak? Bizirik mantentzen direnak irlatik kanpo eman behar dituzte kontzertuak xoxik atera nahi badute behintzat. Galdera horien erantzuna ezagutzea gustatuko litzaiguke. Eta bitartean, asko dira Jamaikan jaio gabe ska-jazz musikaren sukarra dutenak. AEBetan, Ingaleterran, Japonen, Frantzian eta Alemanian bizi dira horietako asko eta azken herrialde honetakoak dira Jazzboko taldekideak. 1997an, talde desbeberdinekin aaritu eta gero Johannsen anaiek Jazzbo taldea sortzen dute. Urteak eman dituzte jaialdi xume eta areto keotsuetan jotzen eta 1999an "X" (Monkey Bussines records Lp) diska kaleratu eta gero hauxe da taldearen bigarren iraupen luzea. Horretaz gain, singel batzu eta bilduma desberdinetan parte hartu dute. Taldea nahiko ezezaguna izan arren esperientzia haundiko musikariekin osatua dago. 60. hamarkadan Jamaikan egiten zen ska-jazz doinuak ahalik eta modu fidelenean erreproduzitzeko helburuarekin, garaiko grabazio teknikak erabiltzen dituzte. Musikari guztiak batera jotzen dute eta grabazioak bi mikrofono erabilita egiten dituzte! Denboraren makina frogatu nahi?

ARITZ SOUND SYSTEM

JAZZBO - Born blue

JAZZBO “BORN IN BLUE” (Liquidator, 2006)

Nork esango luke gaur egun mundu mailan egiten den ska interesgarrienetakoa Alemaniatik datorrela. Jazzbo taldeak meritu bikoitza du; batetik, oso musika ona konposatzen duelako eta bestetik, gaur egungoa ez den soinua ematen diolako musika horri. Taldea 1997an sortu zen eta taldeko partaideek eskarmentu ederra dute musika munduan. Waki eta Detwin Johannsen anaiek tronboia eta saxoa jotzen dute. 60. hamarkadan jazz taldeetan hasi ziren eta 1979an Yebo taldea sortu zuten, Europa mailan ska tradizionala jotzen zuen lehen taldea. Gainontzeko partaideek ere ibilbide luzea dute musika taldeetan eta; besteak beste, Engine 54, Time Tough, Skampis edo Wood In Di Fire bezalako taldeetan aritu dira. Jazzbo taldearen disko berria begiak itxita ditugula entzungo bagenu, 60. hamarkadan Jamaikan egiten zen ska jazz diskoa entzuten ari garela esango genuke. Soinu hori lortzeko garaiko teknikak erabiltzen dituzte; grabazio analogikoa, instrumentu akustikoak eta bi mikrofono. Taldeko partaide guztiak batera jotzen dutela egiten dituzte grabazioak, zuzenean arituko balira bezela eta elkarrekin zuzenean urteak jotzen daramatenez primeran geratzen zaie. Laburbilduz, 60. hamarkadako ska jazz jamaikarrik onena, 21. mendeko alemaniarren eskutik.


ARITZ SOUND SYSTEM

JUNGLE BROTHERS - I Got You

JUNGLE BROTHERS “I GOT YOU”

Musika munduan ere gauzak izugarrizko abiaduran aldatzen dira. Azkarregi agian. Orain gaurkotasuna duena zaharkituta geratzen da berehala. Rap musikaren mundu konplexuan abiadura zorabiatzeko modukoa da. Egunero kaleratzen dira diskoak eta musika industriak izen berriak aupatze ditu egunero. Gutxi dira, ordea, denboran irauten dutenak eta gutxiago oraindik, ia musika estilo hau sortu zenetik gaur egun arte “bizirik” mantendu direnak. Eta zer esan duintasunez mantendu direnak. Horiek eskuko behatzekin zenbatu daitezke. Beno ba, Jungle Brothers bikotea da, gure ustez, denboraren erasoari hobekien jasan dioten talde gutxi horietakoa. 80. hamarkada urrun horretan rap munduan hasi zirenetik desberdinak zirela erakutsi dute eta urte guzti hauetan, burua tente, duintasunez mantendu dira eta musikalki, garai berrietara egokitzen jakin dute. Disko berri honetan, ohiko topikoei eutsi gabe, rap fresko eta bizia lortu dute, funk eta elektro doinuekin lagunduta. Ez dute ezer berririk asmatu baina aipatu osagaiekin disko erakargarria osatu dute, indartsua eta dantzagarria. Urte askotarako.

ARITZ SOUND SYSTEM

Jimmy Bidaurreta - Hotsak dantzan

JIMMY BIDAURRETA / VARIOS. "Hotsak Dantzan". Gaztelupeko Hotsak. CD. 2008. Electrnica.
El sello vasco Gaztelupeko Hotsak ha cumplido 12 aos y para celebrarlo ha presentado este disco en el que ha combinado varias ideas: presentar una seleccin de su catlogo, iniciar una nueva serie de discos (Hotsak dantzan), una nueva coleccin de msica negra (Dantza Baltza) y hacer una incursin en la msica electrnica. Muchos ingredientes, que el ?cocinero? Jimmy Bidaurreta (Javi Pez Orchestra, Makala Band, Otophonk y otros muchos grupos) ha transformado en revisiones bailables de canciones de grupos y artistas como Tapia eta Leturia, UEK, Rafa Rueda o Kokein. El disco contiene doce cortes, dos de ellos son bonus tracks con temas inditos de dos grupos que no han editado an nada con el sello: Deabruak Teilatuetan y Maider.
(Comentario publicado el 2008-02-17)

KLOCKWORK - Collage

KLOCKWORK "Collage" ( K Industria Kultural/Satelite K, 2000)

Bartzelonatik datorkigu musika elektronikoa eta pop-a nahasten duen proposamen berri hau. Urte eta erdiko epean grabatutako diska landua da eta bertan teknologi berriek zer esan haundia dute musika guztia teklatu eta ordenadoreekin egina baita. Ingelesez abestua eta nazioarteko proiekzioarekin dagoeneko Alemania, Suiza, Austria eta EEBB etan zabaldu da diska. 80. hamarkadako oroitzapen elktronikoak.

KutMasta kurt presents Masters Of Illusion

AA.AA "KutMasta kurt presents Masters Of Illusion" (Rapster- Satelite K, 2000)

Hip-hop musikaren gorakadak egunero musika mota honi eskeinitako disketxe berrien sorrera dakar. Oraingo honetan Rapster izeneko disketxeaz hitzegin behar dizuegu eta bere bultzatzaileaz, Kutmasta Kurt. Pertsonai hau ez da oso ezaguna nahiz eta ekoizle lanetan urteak daramatzan eta Beastie Boys, Blackalicious, Luscious Jackson edo Terranova bezalako jendearekin lan egin duen. Diska honetan Kool Keith eta Motion Man ditu lagun.


LEFTFIELD - RHYTHM AND STEALTH

DISKA KRITIKA

LEFTFIELD "RHYTHM AND STEALTH" (Sony 1999)

Leftfield taldeko Barnes eta Daley-k arazo latza dute aurrean, 1995ean kaleratu zuten "Leftism" diskaren itzala. Garai hartan iraultza suposatu zuen diska hura; kritikoek eta baita jendeak orohar goraipatutako diska izan zen eta musika elektronikoaren historian urrezko lekua beteko duena, eta merezita gainera. Oraingoan berriz, kaleratu berri duten diska ere diska ona da zalantzarik gabe, ihaz kaleratu ziren musika elektronikoko disken artean onenetakoa. Ala ere, kritikoek ez dute begi onez ikusi. Lau urte eta gero guztiek espero zuten zerbait desberdina eta iraultzailea eta aurkitu dutena aurrekoaren ildo berdinetik doa, musika estiloen nahasketa, techno, dub, breakbeat...eta maila haundiko kolaboratzaileak oraindoan ere, Roots Manuva, Afrika Bambaataa, Cheshire Cat, Nichole Willis..Emaitza oso ona lortutakoa baina...Ez izezaiozu iraultza bi aldiz eskatu.

SELEKTAH

LINVAL THOMPSON -INNA DE YARD

LINVAL THOMPSON “INNA DE YARD”

Reggae klasikoaren doinuak irudikatu behar ditugunean, eguzkiak itsututako inguru idilikoa irudikatzeaz gain, erdi biluzik doazen eta burua txurroekin josita duten beltzak datozkigu burura. Haize sekzioa, perkusioak, bateria, gitarra, baxua eta teklatua. Ia edozein reggae kontzertuetan aurkituko ditugun musikariak dira (nahiz eta askotan, zoritxarrez, haize sekzioa eta perkusioa egon ez). Reggae musika egiteko garaian, ordea, edozein musika estilo konposatzerako garaian bezala, irudia askoz ere sinpleagoa izan ohi da normalean. Musikaria eta bere gitarra (gaur egun musikaria eta bere ordenagailua litzateke egokiagoa agian?). Musikaria bere bakardade osoan, konposatzeko inspirazio bila. Horrenbestera iritsi gabe, Mackasound diskoetxeko lagunek, reggae musikaren hainbat abeslari hartu eta sesio akustikoak grabatu dizkiete. Ghettoko edo yard-eko sesioak dira; hau da, kaleko sesioak zuzenean. Gitarra akustikoa, perkusioa eta ahotsa. Toma bakarrean eta estudioko trikimailurik gabe. Oraingoan Linval Thompsoni egokitu zaio txanda eta abeslariari teknologia soberan zaiola erakutsi digu. Biluzik.

ARITZ SOUND SYSTEM

LTJ BUKEM - journey Inwards

LTJ BUKEM "journey Inwards" (Good Looking- El Diablo, 2000)

1995. urtea izan zen jungle eta drum&bass bezela ezagutu diren doinuak gailurra ikutu zuten urtea. Arrakasta horren ondoren musika estilo hauetan milaka diska kaleratu dira horietako asko oso maila baxukoak gainera. Aspertuta ginen dagoeneko musika hauetan ematen zen errepikapen aspergarriaz bainan gure zorionerako LTJ Bukem bezalako aintzindariak geratzen dira oraindik junglelari merezi duen maila emateko. Musika beltzaren sustraiak berreskuratuaz drum & bass erritmoak soul, funky eta jazz doinuekin nahasten ditu LTJ BUkem-ek eta emaitza azken urteetan entzun dugun ohianetako musikarik erakargarriena da. Oso gomendagarria.

ARITZ SOUND SYSTEM

LUCIANO - Duets

LUCIANO "Duets"

Jamaikako Davey Town herrian jaioa, Jepther Mc Clymont "Luciano" da gaur egun, gure uste apalean, reggaearen ahotsa. Bere lehen singelak Aquarius, Sky High, New Name eta Freddie Mc Gregor-en Big Ship disketxeetan kaleratu ondoren Phillip "Fatis" Burrell ekoizlearen Xterminator zigiluan 1993-98 urte artean grabatutako kantuek emango zioten gaur egun duen arrakastarako bultzada. Dennis Brown izugarria gogoratzen duen ahots indartsuarekin eta urteetako esperientziak eman dion trebeziarekin gaur egun egiten den sustraizko reggae zaletuentzat ezinbesteko erreferente bihurtu da Luciano, reggae musikaren arima eta konpromezuaren erakusgarri. Lucianoren diska berria ez da berria. Jamaikan oso ohikoa da abeslarien arteko elkarlana eta diska honetan, Xterminator zigiluan, hainbat lagunekin egindako "duetoak" entzun daitezke; Charlie Chaplin, Beres Hammond, Sizzla, Mutabaruka, Alton Ellis, Cocoa Tea, Morgan Heritage... Guzti hauek (Baaba Maal senegaldarra barne) Lucianoren ahotsarekin lehiatzeko ausardia izan dute eta borrokaren irabazle reggae musikaren zaletuak izan gara zorionez. Galtzaile berriz, gure boltsikoak, neurriz kanpoko prezioa duen diskoa erosteagatik. Lucianoren zaletuak kontuz ibili, bilduma honetan azaltzen diren kantu gehienak aurrez kaleratutako beste bildumetan edota Lucianoren disketan aurki bait daitezke. Altxorraren uhartea gure esku dago.

ARITZ SOUND SYSTEM

Latin Beats - A tribute To Tito Puente

ASKOREN ARTEAN "Latin Beats. A tribute To Tito Puente" (Mr. Bongo-Red, 2000)

Izenburuak ondo dioen bezala Tito Puenteri, `tinbalen erregeari egindako omenaldia da diska hau. Duela gutxi utzi gintuen eta bere heriotzaren berri jakin zenetik etengabeak izan dira komunikabideetan perkusio jole honi buruzko erreferentziak eta baita, noski, omenaldiak ere. `latin Beatsbezala izendatutakoaren bultzatzaile izan zen Tito Puente eta bere sustrai latinoak eta perkusioak jotzeko trebeziak musika estilo oso desberdinen zerbitzura jarri zituen. Bilduma honetan Tito Puentek berak konposatutako kantuak (`Oye Como Va famatua tartean da) eta beste jendearekin batera egindakoak entzun daitezke; besteak beste, Sabu Martinez, Juan Pablo Torres, Los Van Van, Ray Barretto, Beny More...Erritmo hutsa.

Louie Vega - Elements of LifeII

Louie Vega Elements of Life Extensions

Ura, harria, sua eta haizea. Bizitzaren osagai garrantzitsuenak askorentzat. Musikari dagokionez zeintzuk lirateke osagairik garrantzitsuenak? Bakoitzak bereak edukiko ditu noski eta oraingoan, Kenny Dope Gonzalez-ekin batera Masters At Work bikoteko partaidea den Louie Vegak (lehen little ) bereak zeintzuk diren erakusten digu. Gustoko lagun, abeslari eta musikariekin sukaldatutako latin house eta jazz erritmoak aurkituko ditugu diskaren oinarrian. Egia esan, osagai horiek Elements of Life izenarekin kaleratutako diskan erakutsi zizkigun duela bi urte eta orain, osagai horiei egindako eraldaketak dakarzkigu. Denborarekin eta A Touch of Jazz, Joe Claussell, Glenn Underground, Dj Gregory, Jazz-N-Groove, Dj Spinna edo Frankie Feliciano bezalako ekoizle eta nahasketa egile ezagunen laguntzarekin osagai horiei zapore berria ematea lortu du eta emaitza, gure gustorako, originala gainditzen du. Normalean alderantziz izan ohi dela onartu beharra dugu baina diska originalari faltan botatzen genion gatz ikutua lortu du oraingoan.


ARITZ SOUND SYSTEM

MAK - SUAREN GARAI ERRAUTS ERREKAI

MAK “SUAREN GARAI ERRAUTS ERREKAI”
(Autoekoizpena, 2007)

“Indigenas! Somos indigenas! Euskaldunak! Eta beste minoritateak! Aizkorak ez badira nahiko karga kanoiak! Hemen zutik aro ero bero diren indigenak! Indigenak! Gira indigenak! Azal gorri eta apatxe urbanoak! Ez gira gu izango azken Mohikanoak! Hemen zutik aro ero bero diren indigenak!”. Musika mezuak zabaltzeko tresna ezin hobea dela esan ohi dugu. Musikaren zuhaitz aberatsaren barruan rap musika, mezuak zuzenean zabaltzeko oso aproposa da eta, Selektah Kolektiboa edo MAK bezalako taldeek, argi erakutsi dutenez, euskarak (beste edozein hizkuntzak bezala) ez du muga musikalik. Musika Armatu Komandoko lagunak bueltan dira bigarren diskoarekin eta oraingoan, kolaboratzaileen gudarostea dute ondoan; Aire Ahizpak, Sorkun, Fat Fish, Jon Maia eta Igor Elortza bertsolariak, Menzo, Mirza, Staff, Moro Bad Sound System eta Txomin Human Beat Box.. Musikalki rap erritmoak dira nagusi (rockaren eragina ezin uka), abesti landuak, sampler ugari eta hezur haragizko musikariak; bateria, baxu/kontrabaxua, teklatuak, gitarra, pianoa eta tronpeta. Zuzenean ere musikariekin osatutako ikuskizuna prestatu dute. Diskoaren osagarri, digitalean, kantuen letrak eta Denok Ala Inor Ez kantuaren bideoklipa. “Ekintza hitza baino hobe Mikro mizto, arima mintzo, bainan beno ba, Ekintza hitza baino hobe, Orekaren bila gelditu gabe, Ekintza hitza baino hobe, Ekintza zuzena sekulan geldi gabe”.


ARITZ SOUND SYSTEM

MICHAEL FRANTI & SPEARHEAD - YELL FIRE

MICHAEL FRANTI & SPEARHEAD “YELL FIRE”
Aitzakia gutxi behar ditugu Michael Franti musikariari buruz hitz egiteko. Azken urteotan AEBetan egon den abeslari interesgarrienetakoa iruditzen zaigu. The Beatnigs eta Disposable Heroes taldeetan hasi zenean amorru biziko letrak eta doinuak osatzen zituen. Denborarekin eta munduan zehar egindako bidaiei esker mezu hori aldatzen joango zen eta, munduko egoera ikuspegi kritiko batekin aztertzen jarraitzen badu ere, bere mezua asko aldatu da eta orain, mezu baikorraren bila dabil etengabe. Spearhead taldearekin hasitako ibilbidean, garapen hori, konposatzen duen musikan atzeman daiteke, eta hasierako rap industrial eta hotza alde batera utzi eta soul, rap eta reggae doinuen goxotasunera pasa da. Hori bai, hasieratik izan duen ikuspegi kritikoa ez du oraino galdu eta azken lan honetan ere atzeman daiteke. Azken bi urteotako proiektuaren parte da diskoa; Israel, Palestina eta Irakera egindako bidaien ondorioa. Diskoaren batera liburu bat idatzi eta dokumental bat grabatu du. Diskoa, parte batean behintzat, Jamaikan grabatu du bertako musikari eta produktoreekin eta ondorioz aurrekoetan baino reggae gehiago atzeman daiteke. Dena den, diskoa osotasunean hartuta aurrekoak baino rockekoagoa dela esan daiteke. Gure ustez, “Stay Human” maixu lanaren maila lortzen ez badu ere, Michael Franti-k egiten duen guztia bezala oso kontutan hartzekoa da. Arakatu.

ARITZ SOUND SYSTEM

MICHAEL FRANTI - EVERYONE DESERVES MUSIC

2003-NAZIOARTEKO DISKA KUTTUNA (askoren artean)

MICHAEL FRANTI EVERYONE DESERVES MUSIC (Boo Boo Wax-Labels)

Izango garelako. Ez garelako geldirik geldituko. Jende guztiak musika behar duelako eta musika entzuteko eskubidea duelako. Inoiz ez delako beranduegi. Mundua bonbardeatzen ari direlako. Maitasuna batetik bestera doalako. Egingo dugulako. Askatasun sentimenduagatik. Maitasun garaitezinagatik. Zoro, zoro, zoroa delako eta irratia taxian ere entzuten delako.

ARITZ SOUND SYSTEM

MICROGUAGUA - BARRIO SANTO

MICROGUAGUA “BARRIO SANTO”

Bartzelona hiria kultura desberdinen topaleku aparta da gaur egun oraindik ere. 90. hamarkada amaieran “mestizaiaren” ideia modan jarri zen eta su horren berotasunean zer esan handiko taldeak sortu ziren. Sua erdi itzalita dago dagoeneko baina Bartzelonako auzo zaharretan, oraindik ere, jende arteko topaketak emaitza interesgarriak ematen ditu. Microguagua taldea 2006. urte amaieran sortu zuten Francesco eta Cotik. Lehenengoa gitarra jole italiarra da eta bigarrena berriz baxu jole argentinarra. Luisao bateri jole brasildarrarekin batera lehenengo kontzertuak ematen hasten dira (horietako asko kalean eta euren kabuz antolatuta) eta 2008. urtean, taldean aldaketa batzuk eman eta gero eta partaide berriak gehituta, “Rootside” izeneko disko auto ekoiztua kaleratzen dute. Lehen garaiko soinu akustikoa elektrikoagoa da orain eta reggae musikaren eragina nagusitzen doa. Bigarren iraupen luzea kaleratu bitarteko denboran kontzertu mordoa eskaini ditu taldeak eta horrek ematen dion heldutasunarekin bigarren diskoa kaleratzea erabakitzen dute. Honetan ere jamaikar doinuak dira nagusi beste erritmoei muzin egin gabe, beti ere. Letrak italieraz, ingelesez eta gazteleraz abestuta daude eta kaleko bizimoduaren isla dira. Musikalki berriz, maila altuegia izan gabe ere, erraz entzuten den musika egiten dute. Kolaborazio batzuk (Che Sudaka, besteak beste) eta bi erremix (Rude Hi-fi eta Andy Morello).

ARITZ SOUND SYSTEM

MORGAN HERITAGE - ANOTHER ROCKAZ MOMENT

MORGAN HERITAGE “ANOTHER ROCKAZ MOMENT”

Posible ote da komertzialtasunaren eta kalitatearen arteko oreka? Morgan Heritage taldeari buruz ari bagara erantzuna baiezkoa litzateke (gure ustez). Gaur egun egiten den Jamaikar musika, bereziki reggae zaletuak ez direnei, aurkezteko modu eraginkorrena izan daiteke. Denroy Morgan abeslariaren seme alabek kalitatezko reggaea lortu dute, rap eta pop musikaren osagaiekin lagunduta. Odolean duten musikarekiko maitasunari, urteetan ikasitakoa gehitu diote, eta emaitza, gustu guztientzako aproposa izan daitekeen reggaea da. Morgan Heritage taldearen diskoetan kantu ederrak, ahots dotoreak eta puntako ekoizpena aurkituko ditugu. Eta musika munduan daramaten urte guzti hauetan ikasitakoa, zuzeneko emanaldietan islatzen dute. 2000. urtean grabatutako zuzeneko diskoaren jarraipena da honako hau, Holandan grabatu dute eta azken sei urte hauetan egindakoaren laburpena da. Talde gutxi egongo dira horrelako balorazio positiboa egin dezaketenak eta zorionekoak gu, zuzeneko honekin goza dezakegulako. Euskal Herrira gerturatzea falta zaigu orain. Noiz ote?


ARITZ SOUND SYSTEM

MORGAN HERITAGE - Live In Europe 2000

MORGAN HERITAGE "Live In Europe 2000" (VP, 2000)

Reggae musikaren etorkizuna zihurtatuta dago. 90. hamarkadaren hasieran jamaikar musika laino ilunez beteta bazegoen ere Luciano, Sizzla, Jahmali, Easy Star disketxea eta Morgan Heritage bezalako jendeari esker reggae-ak merezi duen maila berreskuratu du. Denroy Morgan-en seme alabek azken urteotan egon den reggae talderik konpletoena osatu dute; bai konposaketari dagokionez, bai base erritmikoan, bai ahotsetan, bai posean eta baita mezuetan ere. Reggae-ak azken urteotan galdutako freskotasuna berreskuratu du eta nahiz eta oraindik ere 70 hamarkadako klasikoen erabilpena haundia den oraindik (gehiegizkoa batzutan) reggae-ak garai onak bizi dituela esan daiteke. Diska honen bidez Morgan Heritage taldeak gaur egun duen ospea merezitakoa dela argi erakusten du. Aurkezpen ona, soinu ona eta gaur egun egiten den reggae borobilenaz gozatzeko aukera aparta.

ARITZ SOUND SYSTEM

MR. SYMARIP - The Skinheads Dem Come

MR. SYMARIP “The Skinheads Dem Come”

Asko dira bizitza osoa musikari eskaini diotenak eta ala ere guztiz ezezagunak direnak. Jamaikar musikan asko dira horren adibideak, eta horien artean, Roy Ellisena da esanguratsuenetakoa. Jamaikar gazte asko bezala, 10 urte zituenean hasi zen eliz giroan abesten, Kingston hiriburuko Baptist Church delako elizan. 60. hamarkadan, Symarip taldearekin kaleratutako “Skinheads Moonstomp” diskoari esker ezagun egin zen nazioarte mailan, Ingalaterran bereziki. Disko horren 7 milioi kopia saldu zituzten eta reggae-ska musikaren historian gehien saldu diren diskoen artean kokatu daiteke. Arrakasta horri esker Laurel Aitken edota Eddie Grant bezalako abeslariekin lan egiteko aukera izan zuen 60-70. hamarkadetan. 1980ean, Suizara joan zen bizitzera eta bertan, soul eta gospel estiloak landu ditu gehien bat. Europan zehar jiran ibilitako izen handiko abeslariekin (Tina Turner, Phil Collins, Cellin Dion, e.a.) lan egin du eta orain, reggae mundura itzultzea erabaki du. Suitza, Alemania, AEB, Ingalaterra eta Bartzelonako reggae-ska taldeekin aritu da kontzertuak emanez eta disko berria kaleratu berri du. Bertan, jamaikar musikaren estilo desberdinak entzun daitezke, guztiak soul eta gospel ahotsez igurtzirik. Estatu espainiarrean Liquidator zigiluak banatuko du.

ARITZ SOUND SYSTEM

Mariano Garcia - La Vision de una Epoca

ASKOREN ARTEAN "Mariano Garcia, La Visin de una Epoca" (Boa, 2000)

Izenburuak ondo adierazten duen bezala diska hau garai konkretu bat omentzea du helburu. 80. hamarkada, estatuan egindako rock musika, Barrabs izeneko zigilua eta Porretas, Boikot, Leize edo u bezalako taldeak zuzenean entzun zitezkeen lokala, Canciller aretoa, horiek dira diska honetako elementuak. Sukaldari lanetan berriz Mariano Garcia, "Discocross" irratsaioaren aurkezle eta gidaria.

Mercedes Peon - Isue

MERCEDES PEON "Isu" ( Resistencia, 2000)

Horren gertu edukita eta zer gutxi dakigu Galizian egiten den musikaz. Aurreko alean (Entzun 22) Nen@s Da Ravolta galiziar taldeari egindako elkarrizketari esker gure ezjakintasuna zerbait arindu genuen bainan ala eta gustiz ere galiziari buruzko topikoak oso barneratuak ditugu oraindik. Topiko horiekin apurtzeko laguntza eskeiniko digu Mercedes Pen-ek. Galiziar musika tradizionalari ikutu pertsonala eman nahi dio XXI. mendearen atarian gaudela ahaztu gabe. Horretarako, tradizioa oinarri duela eta ahotsekin jokatzeko duen trebezia haundiari esker diska borobila egituratu du eta bertan, Os Diplomticos De Monte Alto, Manu Chao, Carlos Nuez edota Xos Manuel Budio musikarien laguntza izan du.

NEW YORK SKA – JAZZ ENSEMBLE - SKALEIDOSCOPE

NEW YORK SKA – JAZZ ENSEMBLE “SKALEIDOSCOPE”

Ziurrenik, Jamaikar musikaren barruko adar ezezagunenetakoa da Ska musika. Reggaea ulertzeko ezinbesteko erreferentea izanda ere, gaur egun, ez Jamaikan ezta munduko beste inon ere, ez du oihartzun handiegirik. 60. hamarkadan, Jamaikar gazteen artean sukarra pizten zuen erritmo azkar eta zoroaren sua itzaltzen joan da eta gaur egun, gutxi dira, izpiritu hori bizirik mantentzea lortzen duten taldeak. 80. hamarkada hasieran, Ingaleterran, jamaikar etorkinek eramandako soinuak txundituta, Two Tone garaiari eman zioten hasiera; hau da, ingeles zuriek, beltz jamaikar etorkinekin egindako ska musikaren bertsioa (Madness, Specials, Trojans, e.a.). Europa osora zabaldu eta gero, garaiko arrakasta galdu du eta orain, herrialde guztietan ska talderen bat badago ere, ez du orduko indarrik. Besteak beste, Getxoko Brixton records, diskoetxeari esker, Euskal Herrian, AEBetan egindako ska talderik onenetakoaren musika jaso dezakegu. NYSJE taldeak, 60. hamarkadako ska jamaikarra berreskuratu eta lau hazieetara kalidade askorekin zabaltzen du. Ska originalaren antzera, jazz musikaren eragin haundia du eta 1994tik, taldea sortu zenetik, kaleratutako aurreko sei diskoetan bezala, alaitasuna eta bizipoza dario alde guztietatik.

ARITZ SOUND SYSTEM

NIGHTMARES ON WAX - DJ KICKS

NIGHTMARES ON WAX "Dj Kicks" (K7-Satelite K, 2000)

Zer esango dizuegu jada K7 disketxeaz? Gaue egun musika elektronikoaren esparru zabal honetan erreferente garrantzitsuenetakoa da eta horren adibide dira tarteka kaleratzen dituen "Dj Kicks" serieak. Oraingo honetan Nightmares On Wax-i egokitu zaio bere gustoko musikarekin sesioa osatzea. Warp disketxeko izar haundienetako honek hip-hop eta downtempo musikarekiko duen zaletasuna argi erakusten du hemen. Harretaz entzun beharrekoa.

NITIN SAWHNEY - PHILTRE

NITIN SAWHNEY PHILTRE

Ingaleterran bizi baina sustraiak Pakistanen dituen musikari haundi honen pausoak aspaldi jarraitzen ditugu. Lehen disketan India eta Pakistango musika tradizionalak nagusitasuna zuen, beti ere musika elektronikoaren igutziekin. Hasieratik, arbasoen jatorriko doinuak beste musika estiloekin uztartzen saiatu da eta Migration eta Prophesy diskekin, aspaldi bilatutako oreka lortu zuen (arrakasta komertzialarekin batera). Base elektronikoaekin batera, pop, soul, jazz, brasildar doinuak zein flamenkoa uztartu ditu dotorezi haundiaz. Diska berri honetan, aurreko disken errezeta jarraitu du eta melodia dotore eta sentimenduz betetako kantuak konposatu ditu. Diska ederra da zentzu guztietan eta hala ere, ez du lortzen, aurrekoekin lortutako emozioak sorraraztea. Nitin Sawhney entzuten dugun lehen aldia balitz zihurrenik beste sensazio batzuk jasoko genituzke baina aurreko diskak entzunda errepikakor xamarra egiten zaigu. Diskoa ona iruditzen bazaigu zergatik ez gara berdin emozionatzen? Gure buruarekin kezkatzen hasi behar ote gara? Musikarik gabeko uhartean egun batzuk pasako bagenitu agian?

ARITZ SOUND SYSTEM

NORTE APACHE - HESIAREN BESTE ALDEAN

NORTE APACHE “HESIAREN BESTE ALDEAN”

Selektah Kolektiboak diskoa kaleratu eta hamar urte igaro direnean hesi asko botatzeko daude oraindik Euskal Herrian. Musikalki aurrerapausoak eman badira ere, bidea luzea eta gogorra izango da. Zorionez, Norte Apache bezalako taldeek, argi izpiak jartzen dizkiote bide ilunari. Rayco, Imanol, Aitor, Ibon eta egitasmo honetan parte hartu duten lagunek (Dan, El Shintoma, Sow, Fat Fish eta Dj Alf) urteetako lan gogorraren emaitza eskaintzen digute kaleratu berri duten diskoan. Konpromezuaren bidetik, sentimenduz gainezka dauden eta hausnarketarako gonbitea egiten duten mezuak entzungo ditugu diskoa osatzen duten bederatzi kantuetan, eta musikalki berriz, rap gordin eta zuzenaren bidetik doa. Euskaraz egindako rap musikak itxaropenerako arrazoi berria du kalean baina bide horretan lanean ari diren lagunek badakite, asko dagoela irabazteko oraindik. Hautsaz betetako kristalezko bolatxoak dio garai oparoak datozela euskaraz egindako musika beltzarentzat.

ARITZ SOUND SYSTEM

NOUR - papier mullat

NOUR “PAPIER MULLAT”
(Kasba, 2007)

“Itzalitako ahots batek aulkirik gabe geratu naizela esaten du, ez dut ori koloreko baldosekin osatutako bidea aurkitu, OZ-en ertzak hesiak dituzte, haziak pribatizatzen dituzte, kristalezko botiletan barra eta izarrak edaten dituzte, tamaina askoko ametsak eraikitzen dituzte, ez du hutsik egiten, ordaintzen baduzu eta isilik bazaude pantailetan iragartzen duten paradisua bereganatuko duzu”. Musikaren iluntasun itogarrian argia ekartzen duen taldeetakoa da Nour (arabiarrez argia esan nahi du). Cheb Balowski taldeko Yacine Belahcene abeslariak martxan jarritako egitasmoa da eta lehen disko honetan, aurreko egitasmoko bideari jarraitu dio. Afrika iparraldeko musiken eragina da nagusi, musika elektronikoaren ornamentuekin apainduta (rockari, reggaeari eta rapari muzin egin gabe). Katalanez eta arabiarrez abestutako kantuak (tarteka erdarazko esaldiekin) dira eta, oinarrian, “ongizatearen” gizartearen hipokresia salatzera datoz. Salaketa nagusi. Mezu zuzen eta bortitzak, bitartekorik gabe. Taldeko partaideekin batera diksoan lagun askok parte hartu dute; horien artean, Joan Garriga (LaTrova Kung Fu), Lautaro Rosas (Machalah), Massa Kobayashi (Kultur Shock), Mohamed Souleimane (Orquestra Arab de Barcelona) edo At Versaris taldeko Pau Llong eta Rodrigo. Erritmo aldetik disko lasaia da orokorrean baina taldearen energia guztia zuzenekoan atzeman daiteke.

ARITZ SOUND SYSTEM

OMAR - SING IF YOU WANT IT

OMAR “SING IF YOU WANT IT” (Ether records, 2006)

Acid jazza. Zein urruti geratzen zaigun izen hori dagoeneko. 90. hamarkada erdia zen Gilles Peterson aitzindariak, 60 eta 70. hamarkadetako soula, jazza eta funkiaren arima berreskuratu eta gaurkotu nahian, Acid Jazz lehenik eta Talkin Loud zigiluak sortuko zituela. Saiatu eta lortu. Euskal Herrian aparteko oihartzunik izan ez badute ere, Ingalaterran, Alemanian edo Italian jarraitzaile asko izango zituen. Musika beltzaren jarraitzaileontzat oso kontutan eduki beharreko zigiluak dira biak. Omarrek, Talkin Loud-ekin kaleratu zuen bere lehen lana. Dotorea, goxoa eta sentibera. Soularen eta jazzaren sustraiekin eraikitako diskoa izan zen, baina 90. hamarkadako soinu berri eta freskoaz (raparen indarrarekin batera) lagunduta. Hamabost urte eta gero, bost disko esku artean eta grabazio estudio propioarekin, bueltan da Omar. Oraingoan, urte hauetan lortutako ospeari esker, luxuzko laguntzaileekin dator; Angie Stone bezalako soul izar berriekin, rap munduan arima gehien duten Common eta Rodney P-rekin eta, Omarren amets handia egi bihurtuz, Stevie Wonder klasikoaren laguntzarekin. Omarrek ez du ezer berria asmatu, musika ona aspaldiko gauza baita. Hori bai, iragana eta oraina, eskutik joan daitezen trebezi berezia du Omarrek. Dotorea, goxoa eta sentibera.


ARITZ SOUND SYSTEM

OMELÉ - OMELÉ

OMELÉ “OMELÉ”

Omelé Bartzelonako talde gaztea da (La Grariga eta Argentona). Bartzelona inguruan asko izan dira etorkinen kultura aberastasunak eragindako taldeak. Omeléko partaideei dagokionez, afro-karibear musiken eragina nabaria da; reggae, salsa, son kubatarra eta latin jazza. Lehen entzunaldian Sargento Garciaren kutsua hartzen zaio diskoari, bereziki kantu bakoitzaren baitan estilo desberdinen jokoa lantzen delako. Desberdintasunak ordea nabarmenak dira. Omeleko kantuak gazteleraz abestuak daude baina Karibeko gaztelaniaren ahoskera falta zaie (nahiz eta batzuetan saiakera egiten duten). Musikari dagokionez berriz, jatorrizko erritmoen kopia dira, berotasuna eta mamia falta zaie. Diskoa, Tomas Arroyok ekoiztu du (Color Humano, Fufu-Ai eta La Kinky Beat taldeekin aritu da) eta Yacine Belahcene (ahotsak, Cheb Balowski) eta Marc Horneren (txirula, Kalimba Malinca) laguntza izan du. Hamahiru kantuz osatuta dago eta hauetan; gai sozialak, maitasun kantuak eta taldeko partaideen istorioak jasotzen dira. Asmo onak dituen taldea da baina bide luzea dute oraindik aurretik.


ARITZ SOUND SYSTEM

ORLANDO JULIUS - super afro soul

ORLANDO JULIUS “SUPERAFROSOUL”
(Vampisoul, 2007)

Lehenik eta behin, eskerrak eman behar dizkiogu Vampisoul diskoetxeko arduradunei horrelako arri bitxiak gure eskura jartzeagatik. Horrelako diskoetxeek egiten duten lanagatik ez balitz ziurrenik ez genuke inoiz talde hauen musika entzuteko aukera izango (ezta internet ahalguztidunean ere, taldea inoiz izan zela jakin gabe behintzat). Oraingoan, Afrika sakonean murgilduko gara Nigeriako Orlando Julius (Julius Aremu Olusanya Ekemode jaioa) musikariaren kantuekin gozatzera. 60. hamarkadan, AEBetan, iraultza eman zen afro-amerikarrek euren eskubideen aldarrikapena ozen egin zutenean. Soul eta funkia izan ziren oihu horien bitarteko tresna eta garrasi horien oihartzuna mundu osora zabaldu zen, baita Afrika ama lurrean zehar ere. Oihu horiek jaso eta bereak egin zituzten Orlando Julius bezalako musikariek. Afro beat musikaren aurreko garaiak ziren. Orlando eta bere lagunek AEBetatik iritsitako soul kantu arrakastatsuak, jazzarekin eta Nigeriako highlife eta kokoma erritmoekin nahastu zituzten. Haize sekzio indartsua, baxuaren dardara eta perkusioen erritmo hipnotikoekin osatutako kantuak ziren, Nigeriako dantzalekuetan sukarra eragingo zutenak. Bilduma honetan, Orlandoren musikaren garapena atzeman daiteke 1966tik 72ra doan tartean.

ARITZ SOUND SYSTEM

PANCHO AMAT Y EL CABILDO DEL SON - De San Antonio A Maisí

PANCHO AMAT Y EL CABILDO DEL SON "De San Antonio A Maisí" (Plc-Resistecia, 2000)

Ry Cooder-ek bultzatutako `Buena Vista Social Club´proiektuari esker, besteak beste, ezagutu ahal izan ditugu Cuba-ko musika tradizionaleko hainbat altxor. Pixkanaka Cubatar musika tradizionala urtetan landu duten musikari eta abeslariak ezagutzen ari gara. Oraingo honetan Pancho Amat-en ordua iritsi da. 1971. urtean sortu zuen Manguaré taldea eta 17 urte luzez bete ditu zuzendari lanak. Horretaz gain, Victor Jara, Inti-Illimani, Isabel Parra, Silvio Rodríguez edota Santiago Auseron bezalako maila altuko musikariekin lan egindakoa da. Cuban dagoen aberastasun musikalaren beste adibide garbia.

ARITZ SOUND SYSTEM

PIRAT´S SOUND SISTEMA - VOL.II

PIRAT´S SOUND SISTEMA “VOL.II”
(Propaganda Pel Fet, 2007)

Katalunian jamaikar erritmoek duten indarraren erakusle garbia da Pirat´s Sound Sistema. Reggae musikaren adar koloretsuak erakarrita sortu zuten piraten sound sistema eta konturatzerako, bigarren diskoarekin datoz. Aurrekoarekin alderatuz, bigarren honetan sound sistema sendotuta aurkitzen dugu; musikalki aniztasun handiagoarekin (beti ere jamaikar doinuen inguruan baina dubari eta drum&basserari tarte handiagoa emanez) eta kolaboratzaile zerrenda amaigabearekin. Base erritmiko guztiak (bat kenduta, “Cristal Woman”) eurek ekoiztu dituzte eta urteek ematen duten esperientzia nabarmentzen da maila honetan ere. Kolaboratzaileei dagokionez berriz, osotasuna ematen diote diskoari; besteen artean, La Troba Kung Fu taldeko Des Joan Garriga eta Toty Arimany-ren laguntza izan dute ahotsa eta nahasketetan, baita Martingalako Franki Da Silva edo Uri P, Héktor edo Sister Castro. Aipamen berezia merezi dute The Kinky Coocoo´s taldeko Gemma Soles eta Leire Etxeberriak koroetan egin duten lan txukunagatik. Musikalki sendotuta datoz eta edukiei dagokionez beti bezain borrokalari. Musika iraultzarako tresna ederra dela erakustera datoz eta askok uste dutenaren aurka, jamaikar doinuak ere, katalanez era duinean abestu daitezkeela argi erakusten digute. Ahala izanez gero ez galdu euren zuzeneko sound sistema.


ARITZ SOUND SYSTEM

PLUMP DJ´S - SATURDAY NIGHT LOTION

PLUMP DJ´S “SATURDAY NIGHT LOTION”

90. hamarkada bukaera. Erritmo hautsiek Europako dantzaleku asko bereganatu dituzte. Euskal Herrian erritmo horien itzala ere ez dugu sumatzen, festa ilun eta ezkutu batzuetan ez bada behintzat. Badira estiloak, Europako beste lekuetan arrakasta handia lortu dutenak ( baita maila komertzialean ere) eta gurean apenas oihartzuna izan dutenak. Breakbeat erritmoaz ari gara adibidez. Fat Boy Slim-en iragarkietako musika kenduta nork ezagutzen du breakbeat bezala kontsideratu daitekeen musikarik? Eskerrak gure artean erritmo hautsien arakatzaileak ere baditugula. Doinu horien zaletuen artean, azken urteotan arrakasta asko izan dute Plump Dj-eko lagunek. Besteak beste, Fabric-eko klub ospetsuan egindako sesioengatik ezagunak, breakbeat eta techno erritmoen arteko harreman estua lortu dute. Asko dira orain artean kaleratu dituzten Cd sesioak eta oraingo honetan, aurrekoetan egin bezala, beraien konposaketa propioak pintxatzeaz gain (gehienak); Freestylers, Lee Combs, Madox edo Twister bezalako jendearen erritmoak nahastu dituzte. Gogorra eta erritmikoa.


ARITZ SOUND SYSTEM

RAE & CHRISTIAN - Blazing The Crop

RAE & CHRISTIAN "Blazing The Crop" (DMC-Moonshine-El Diablo, 2000)

Hip-hop musikaz hitzegiten denean guztioi EEBBetako talde eta abeslariak datozkigu burura (eta hauen `poseak noski). Gutxi batzutan estatu frantsesean edota espainiarrean egindako hip-hopa ere kontutan hartzen da bainan fuck Ingland-en egindakoaz inork gutxik hitzegiten du eta egiten badu ez ditu oso hitz onak izaten. Manchester hirian ordea bada Mark Rae eta Steve Christian izeneko bikotea gaur egun hip-hop musikaz dugun irudiarekin apurtzera datozenak. Soul musikaren maitale sutsuak izanik bi estiloen arteko lotura bikaina lortu dute ( `Northern Sulphuric Souldiska azken urteetan kaleratu den hip-hop diskarik onenetakoa iruditzen zaigu) eta GrandCentral records disketxearekin Ingaleterrako rap talde interesgarrienak bultzatu dituzte. Diska jartzaileen paperan aurkituko ditugu hemen, beraien disketxeko zein gustoko dituzten taldeen musika nahastuaz. Ezinbestekoa.

RED SOUL COMMUNITY - PUMP REGGAE

RED SOUL COMMUNITY “PUMP REGGAE”

Azken aldian 60. hamarkadan egiten zen lehen reggae musikaren berpiztea bizitzen ari gara. 60. hamarkada hasieran jamaikarrek ska erritmoa sortu zituztenetik etengabe garatzen joan den musika izan da. Skaren ondoren, rocksteady-a, lehen reggaea (early reggae deitzen dute; The Harder They Come filmean ederki islatzen da garai hura) eta ondoren reggae bezala ezagutzen den mundua (bere azpi-estilo guztiekin; roots, toaster, dancehall, dub, ragga, etab). Jamaikarrek aspaldi utzi zioten early reggaea egiteari baina urte guzti hauetan, talde ugari sortu dira munduan zehar 60. hamarkada amaieran Jamaikan egiten zen musika hura landu dutenak. Azken aldian ordea, Ingalaterran bereziki, indar berriturik azaldu da eta komertzialki oihartzun handia lortu du; besteak beste, Lilly Allen edo Bobby Kray abeslariei esker (kuriosoa baina biak abeslari zuriak dira eta kutsu poperoa ematen diote reggaeari). Estatu espainiarrean, Red Soul Community taldea izan daiteke reggae zahar horren izpiritua berreskuratzeko lanean ari den taldearen adibidea. Los Dingos izenarekin hasieran eta RSC orain, hainbat disko eta bildumetan hartu dute parte. Early reggaearen usai soulero eta rhythm & blueseroa berriro kaleak zeharkatzen.


ARITZ SOUND SYSTEM

ROOT DIAMOONS - WITH OTHER EYES

ROOT DIAMOONS “WITH OTHER EYES”

80. hamarkadatik Katalunian etengabea izan da jamaikar musika egiten duten taldeen jarioa. Asko izan dira urteetan hazia landatu dutenak (FBI fanzinearen kasu) eta landatutako hazi horiek fruitu emankorrak eman dituzte. Root Diamoon taldea 2002. urtean sortu zen (aurretik Short Skankers taldetik) eta horrelako taldeetan ohikoa den modura, partaideen artean hainbat aldaketa eduki eta gero, badirudi talde sendoa osatzea lortu dutela. Horren emaitza litzateke lehen iraupen luzea, ska eta rocksteady doinuetan oinarritutako diskoa da, oinarri erritmiko txukuna, haize sekzio indartsua eta ahotsetan, Berta Gratacós-en ahots goxo eta sendoa. Kantu propioak eta bertsioak tartekatu dituzte eta rocksteady goxoa entzun badaiteke ere, skaren erritmo azkarrak nagusitzen dira (jazzaren eragina ezin falta). Orokorrean, taldeak garai osasuntsua bizi duela esan daiteke eta ondorioz, zuzenean ikusteko aukera ez dugu galdu behar. Diskoa Brixton diskoetxeak kaleratu du.

ARITZ SOUND SYSTEM

SEAN KEANE - The Man Tthat I Am

SEN KEANE "The Man Tthat I Am" (The Grapevine Label-Resistencia, 2000)

Sean Keane musikari eta abeslari aparta da. Ez da erraxa bere lana definitzen; country, blues, zeltiar ikutuko pop doinuak? Denetatik zertxobait? Humore onekoa omen da eta eskujokoetan trebea. Ezaugarri horiek bere musikan isladatzen ditu eta bere laugarren iraupen luzea den honetan Sean Keanen talentu guztiaz goza dezakegu. Resistencia disketxearen garantiarekin.


SHIVA SOUND

SHIVA SOUND (Cosmos/Satelite K, 2000)

Stefanie Ringes-en proiektu berria da hau. Bere garaian Lions In Love talde hispano-argentindarraren ahots nagusi eta konposatzaile izandakoak apostu innobatzailea egiten du bakarlari bezala kaleratzen duen lehen diska honetan. Bertan, hip-hop doinuak, funk, dub edo bossa-novarekin nahasten ditu, erderaz, ingelesez eta frantsesez abestutako kantuetan. Musika egiteko garaian berriz hezur haragizko musikariak izan ditu lagun.

SOWETO - YOU GIVE ME FEVER

SOWETO “YOU GIVE ME FEVER”
Ska eta rocksteady klasikoen maitaleek beste erreferentzia dute kalean. Brixton zigiluaren laguntzarekin Bartzelonako Soweto talde beteranoak disko interesgarria aurkezten digu. Katalunian jamaikar erritmorekiko duten maitasunaren adibide garbia da eta urteetako saiakerak eta gero, Katalunia, Europa mailan ska eta rocksteady talde gehien dituen herrialdeen artean kokatu dezakegu (Italia, Frantzia edo Ingalaterraren pareko). Hamairu kantuz osatutako diskoa da eta guztietan, hamaika urteko ibilibidea duen talde honek 60. hamarkadan Jamaikan egiten zen ska eta rocksteady soinua lortu du (jazzaren eta rhytm&bluesaren eraginpean, beti ere). Oriol Rovirak lan txukuna egin du ahots nagusietan eta azpimarragarria da ere ahots laguntzaileen papera. Diskoan parte hartu duten lagunen artean berriz BB Seaton abeslari jamaikarraren parte hartzea azpimarratu beharra dago, Mr T-Bone tronboi jole dotorearekin batera. Diskoa Apache Five taldearen estudioan grabatu dute eta soinu aldetik ere oso emaitza ona lortu dute.

ARITZ SOUND SYSTEM

Steel Pulse - African Holocaust

STEEL PULSE AFRICAN HOLOCAUST

Burdinezko pultsoa erakutsi du Steel Pulse taldeak musika munduan daraman 30 urteetan. Gutxi dira horrelako urte mordoa irauten duten taldeak, eta gutxiago oraindik, urte guzti horietan zehar, merkatuaren eta moden gainetik, hasierako indarra eta filosofia mantentzen dutenak. Ingaleterrara behartuta lan bila joandako etorkinen izerdiaz burdinlandutako taldea da, Birmingham hiriko langile auzoan hezia eta Afrikar herriaren sufrimendua odolean bueltaka duela. 1400 urte inguruan, Portugesak, Mauritania iparraldeko biztanleak esklabu bezala eraman zituztenetik, Afrikar herriak bere suntsipenaren kontrako borroka latza pairatu du. 1595-1866 artean, 27.233 itsasontzik zeharkatu zuten kontinenteen arteko basamortu hilgarria, esklabuz gainezka. Mendeetan zehar Afrikar herriak zapalkuntza eta suntsipena pairatu ditu; zuzenean hasieran eta zeharka beranduago ( afrikarren eskubideak ukatzen dituen legeekin, irakaskuntza sistemarekin, HIESa...).
Steel Pulse taldeak burdinezko pultsoa du taldekideen ideologia defendatzerakoan, burdinezko bihotza sentimenduak adierazterakoan eta burdinezko koherentzia, musikalki, estiloari eusteko garaian. Steel Pulsen burdina ordea ez da denborarekin erdoiltzen den horietakoa, ezta doblatu bezain pronto hausten dena ere. Steel Pulse taldearen burdina, metal bereziaz egindakoa da, urteak pasa ala dizdira eta sendotasuna mantentzen du eta era berean, musikalki goma bezain tolesgarria da.

ARITZ SOUND SYSTEM

TERRAKOTA - terrakota

TERRAKOTA TERRAKOTA (roots & rhythms)

Terrakotaren musika sustraiak Afrikan dituen `musika organikoa da taldekideen hitzetan. Sahara, Karibea, India eta mendebaldeko musiken eragina du eta kultur desberdinen aberastasunetik edan nahi du Jamaikako eguzkiaz gozatzen duen bitartean. Gutxi izango dira, guk ezagutzen ditugunen artean bai behintzat, horrelako sentimendu baikorra isladatzen duten taldeak. Disketxe haundietako marketing politiken arabera diskak kaleratzen dituzten zar haundienartean Terrakota bezalako taldeak oasi dira. Reggae, rock, afrikar perkusioak, soukouss kitarrak, ahots landuak, alaiak... Bizi poza isladatzen du Terrakotaren musikak, energi eta bibrazio positiboak. Aurrez definitutako musika estiloen, inposatutako mugen eta nortasun agirien gainetik saltoka doaz eta helmuga jakin batera iritsi baino bidea eginez gozatzen dute. Taldekideak pertsonalki ezagutu gabe ere hilabeteetako giran murgilduko ginateke beraiekin. Ongarri artifizial eta sintetikoz landutako musikaren aurrean naturalki hazitako fruitu freskoa da Terrakota, osasuntsu mantendu zaitezen. www.roots-rhythms.net

ARITZ SOUND SYSTEM

THANDISWA - ZABALAZA

THANDISWA “ZABALAZA”
Afrikan dagoen aberastasun musikalaren adibide garbia da Thandiswa. 1997an, Bongo Muffin taldearen partaide bezala hasi zen eta Miriam Makebaren “Pata Pata” kantu klasikoari egindako bertsioari esker, ezagunak egin ziren mundu mailan. Hego Afrikan indartsu dagoen Kwaito estiloaren aitzindari izan dira; rap, reggae, house eta Hego Afrikako ahots joko zoragarrien nahasketarekin. Bongo Muffin taldearekin zortzi urteetan aritu eta gero, bakarlari modura hasi da orain, eta hauxe da bakarlari modura aurkezten duen lehen diskoa. Bertan, Kwaitoaren eragina nabari bazaio ere, soul eta pop doinuetara gerturatzen da, abesti lasai eta melodikoen bitartez. Ahots jokoek garrantzi berezia dute diskoan eta Hego Afrikan ahots jokoek betidanik izan duten indarraren adibide da. Afrikako abeslari gazteek, teknologi berriak eskuratzean, munduko doinu kitzikagarrienak egingo zituztela esan izan dugu; eta badirudi, orain, esandakoa, errealitate bihurtzetik geroz eta gertuago daudela.

ARITZ SOUND SYSTEM

THC POSITIVE

THC “POSITIVE”

Ederra da THC taldearen disko berria. Hasieratik bukatu arte gustura entzuten den disko horietakoa da. Funk, jazz, soul, drum & bass eta house doinuekin osatutako arri bitxia da eta arri bitxia diogu, nazioartean antzeko proposamenak aurki badaitezke ere, Euskal Herrian horrelako diskoa kaleratzen aitzindariak direlako (Wagon Cookin ekin batera). Azken urteotan funk, jazz eta doinu elektronikoak lantzen dituzten taldeak ugaritu dira gure artean baina gutxi dira THCren garapena lortu dutenak. Izugarrizko lana egin behar izan dute horretarako baina emaitzak merezi izan du. “Positive” izeneko diskoa hirugarrena da taldearentzat (lehenengoa maketa 2003an kaleratu zuten “THC” izenarekin eta 2004ean berriz “Homonime” zuzeneko diskoa kaleratu zuten). Taldea 1999an sortu zutenetik izugarrizko garapena jasan du; garapen teknikoa nabarmena (produkzio landuagoak eta soinu hobea) eta garapen musikala (hasierako funk house estiloari ateak zabaldu dizkiote eta brasildar musikaren eta drum & bass erritmoen eragina nabariagoa da orain). Ahotsek ere garrantzi handia dute eta atal honetan ere nabarmentzekoa da egindako lana (hizkuntza desberdinetan gainera). Kolaborazioek ere diskoa osatu dute (Acido C-ko haize sekzioa eta Ion De Luisen programaketak). Zorionak Euskal Herrian oraindik ezezagunak diren erritmoak bultzatzeagatik, zorionak diskoak kaleratzeko egin duzuen esfortzuarengatik, zorionak ematen dituzuen zuzenekoengatik eta zorionak musikalki egin duzuen bidearengatik. Mila esker.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE CABRIANSforafew

THE CABRIANS “FOR A FEW PUSSIES MORE”
(Liquidator, Redstar 73, 2007)

The Harder They Come filmean nekazal gunetik hirira doan gazte baten gora beherak azaltzen dira. Jimmy Cliff reggae abeslari ezagunak (oraindik nazioartean ezezaguna zenean) jokatzen du hirira joan eta bizi duen miseriaren aurrean errebelatzen den gaztearen papera. Lanik aurkitzeko zailtasunaren aurrean rude boy edo kaleko mutil gogorrean bihurtzen da eta inspirazioa, neurri handi batean, mendebalde basatiko pistoleroen filmetatik jasotzen du. Jamaikar musikaren historian, ska musikaren garaian bereziki, estetika horrek eragin handia izan zuen. Guzti horretatik edaten du, era berean, The Cabrians taldeak bigarren disko honetan. Matarokoak izanda ere, mendebalde basatiaren estetika bereganatu dute eta garaiko pistoleroak baliran, ska eta early reggae estiloen soinu bandarekin osatu dute disko/filma. Diskoa grabatzeko garaian Ruben Lopez Warrior (Black Up/Secret Army), Ricard Vinyets (Amusic Skazz Band) eta Boss-Sounds-eko Giorgio-ren laguntza izan dute, besteak beste. Diskoaren irudiari begiratuta tipo gogorren itxura eman nahi badute ere, egiten duten musika alai eta “inuzentearekin” bihotz biguna dutela erakusten dute berehala. Kantuen edukiei dagokionez berriz, ingelesez abestuta daude eta parrandak, alkohola eta sexua humorearen ikuspegitik lantzen dituzte eta tarteka, eduki soziala eta protesta kutsua duten kantuak ere jorratzen dituzte.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE HEPTONES - Cool Rasta

THE HEPTONES "COOL RASTA" (Trojan 2002)

Jamaikar musikaren historia luzean ohikoak izan dira hiru ahotsez osatutako taldeak. Guztion buruan dira Gladiators, Abyssinians, Culture, Toots & The Maytals, Black Uhuru, Israel Vibration... Ahots nagusia eta koroak. Emaitza inoiz entzun diren ahots joko ziragarrienak izan dira gehienetan. Irlak eman dituen hirukote guztietatik ordea Heptones izenekoa azpimarratu nahiko genuke oraingoan. Ez dira oso ezagunak gurean, ezta reggae zaletuen artean ere, baina zalantzarik gabe, erreferente dira gaur egun oraindik ere. Bere garaian, jamaikar musikak sortu zituen arri bitxi goxoenen egileak izan ziren soul musikaren eragina izugarria zenean eta gaur egun, asko dira, Sizzla horien artean, Heptones taldearen kantuak bertsionatu edota hauen base melodikoak oinarri artzen dituztenak. Trojan zigiluak, gure zorionerako, 1973-76 urte artean Heptonesek grabaturiko arri bitxiak berrargitaratu ditu. Ezinbestekoa.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE KINKY COOCOO´S - MONTJUIC BONEYARD

THE KINKY COOCOO´S “MONTJUIC BONEYARD”

Jamaikar musikaz ari garenean Bob Marley izan ohi da erreferentea. Dena den, Bob Marley-ren garai zehatz bateko kantuak dira gogoratuenak. Jamaikar musikaren historian, reggaeak garai desberdinak bizi izan ditu eta garai bakoitzak bere soinu berezia du. Bob Marley-k eta beste hainbat jamaikarrek reggaea mundu osora zabaldu zutenetik asko dira musika horrek eraginda kantuak egiten dituzten musikariak. The Kinky Coocoo´s dira horietakoak. Lord Kaya abeslariarekin kaleratutako bertsioen diskoa eta gero, orain, disko berriarekin datoz. Jamaikan 60. hamarkadan egiten zen rocksteady eta early reggae doinuetan oinarritutako diskoa da eta azpimarratzekoa da ahotsei ematen dieten garrantzia (ezin zuen bestela izan). Taldeak lau abeslari ditu eta horretaz gain, disko honetarako Dave Barker eta Ruben Lopez (Malarians) izan dituzte gonbidatu. Garaiko soinua eta oso emaitza duina lortu dute. Kantu propioak eta hainbat bertsio, horien artean, Potatok gure artean ezagun egin zuen “Miguelin El Cashero” abestiaren originala (Eric “Monty” Morris) bertsionatzen duena. Liquidator diskoetxearen eskutik datoz.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE PEEPING TOMS - MAXIMUM R&R

THE PEEPING TOMS MAXIMUM R&R (Liquidator 2004)

Bueltan datoz The Peeping Toms. Izen horrekin duela gutxi ezagutu bagenituen ere, taldeko partaideak urteak daramatzate jamaikar doinuen unibertsoan murgilduta ( Malarians... ). 2001. urtean Nueva Cita Para Bailar maketa grabatu zutenetik bigarren iraupen luzea da orain aurkezten dutena ( lehenengoa 2002. urtean taldearen izen berarekin Revelde disketxeak kaleratu zuen eta horretaz gain, Rought & Tough Liquidator 2001- eta Brixton Cats & The rudies Brixton 2001- bildumetan parte hartu dute. Aurrekoetan bezala oraingoan ere Jamaikar doinuen eragina nabarmena da diska osoan zehar nahiz eta soul, bossa nova eta musika beltza orohar entzun daiteke diskan. Taldekideen esanetan, diska irekitzen duen kantua `Im Not Guilty, 60. hamarkada bukaeran Ingaleterran arrakasta zuten jamaikar abeslarien musikan (Desmond Dekker, Pioneers...) oinarritzen da, `Rough Today kantuan berriz Heptones, Ethiopians edota Paragons bezalako ahots hirukoteak dituzte buruan, `The Whistle kantua jamaikar erara egindako boogia da, `Children da Ruan rocksteady melodikoa lantzen dute, `Orfeo Negron berriz brasildar doinuak entzun daitezke, `Sometimes The Best eta `No Mercy kantuetan jamaikar toasterrak dituzte gogoan eta azkenik, `Carolina eta `False & Grind kantuak ezinbesteko ska doinuak jorratzen dituzte. Eta hala ere zein zaila den garaiko jamaikar soinua lortzea.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE PEPPER POTS - SHAKEIT!

THE PEPPER POTS “SHAKE IT!”
(Brixton, 2007)

The Pepper Pots meritu handiko taldea da. Meritu handia dauka Katalunian, 2007. urtean, 60. hamarkadako soinua berreskuratzen duen taldea edukitzea. Meritu handia du 60. hamarkadan Jamaikan nagusi zen ska, rocksteady, early reggae eta soul musikak lantzen dituen talde edukitzea. Meritu handia dauka musika hori egin nahi izatea eta gainera kalitate handiz egitea, garaiko instrumentazio eta soinu analogikoa erabiltzea eta era berean, soinu freskoa lortzea. Meritu handia du taldean horren maila altuko musikariak aritzea eta ahotsetan ere horrelako abeslariak edukitzea. Meritu handia du diskoan The Pioneers, Dr. Ring Ding eta Aspo taldeen kolaborazioa lortu izana eta disko honetarako, kantu batzuetan, orkestra osoa lortu izana. Meritu handia dauka bigarren disko honetan lehen diskoan lortutako maila altua gainditzea. Meritu handia dauka 2002. urtetik hona talde sendoa mantendu ahal izatea eta talde horrekin horrenbeste zuzeneko eman izana. Meritu handia dauka diskoko aipamen guztiak katalanez egotea (ingeleseko itzulpenekin). Laburbilduz, 60. hamarkadan sortutako musiken maitaleentzat (ez soilik musika jamaikarraren jarraitzaileentzat) ezinbesteko taldean bilakatu da Peperr Pots, meritu osoz.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE PEPPER POTS-NOW

THE PEPPER POTS “NOW”
The Pepper Pots taldearen garaia iritsi da. 2005ean Brixton diskoetxearekin “Swingin' sixties” diskoa kaleratu zutenetik Kataluniako talde interesgarri honen jarraipena egin dugu. Disko berri honekin taldeak gailurra lortu duela esan daiteke. 60. hamarkadako musika beltzaren zaletu amorratu hauek, lehen diskoetan Jamaikara begira zeuden ska eta rocksteady edo early reggae doinuak landuaz (kutsu souleroarekin beti) eta urte hauetan bizi izan duten garapenak bultzatuta Karibeko irla bero horretatik Detroit hiriko arnas keotsura abiatu dira. Harrigarria bada ere, azal zuri hauek, Motown garaiko urrezko aroa gogora ekarriko digun diskoa lortu dute eta horretarako Binky Griptite ekoizlearen ezinbesteko laguntza izan dute. Sharon Jones & The Dap-kings edo Amy Winehouse bezalako musikariekin aritu dela jakinda errazago ulertzen dugu diskoaren emaitza ona. Analogikoan grabatuta, 60. hamarkadan ekoiztutako diskoen soinura asko gerturatzea lortu dute eta taldeko abeslari hirukotearen ahotsek ere sonoritate berezia lortu dute. Ezer berririk eskaintzen ez badu ere (soul goxo eta gozoa) taldeak bere helburua lortu duela esan daiteke: XXI. Mendean bizi arren denboran atzerako bidaia egitea (lehen mailako billetearekin).

ARITZ SOUND SYSTEM

THE STRIKE BOYS - BEING IN A BOY GROUP

THE STRIKE BOYS “BEING IN A BOY GROUP”

Musika elektronikoak azken urteotan izan duen bilakaeraren adibide da Strike Boys taldea. 1998an “Selected funks” (Wall of sound) izeneko estreinako diskoa kaleratu zutenean garaiko musika elektronikoaren aberastasuna islatu zuten; estiloen arteko maitasun harremanaren une goxoa zen eta Tommy Yamaha eta Martin Kaisak aberastasun horrekin osatu zuten diskoa. Makinekin osatutako dub, funk, soul, eta elektro doinuak ziren nagusi, kantu batzuetan abeslari lagunen parte hartzearekin batera. Zortzi urte igaro dira orduz geroztik eta tartean beste bi iraupen luze kaleratu dituzte (“Grapefruit flavoured greentea time” eta “Playtime”) eta beste jende askorentzat nahasketa ugari egin dituzte. Orain, bueltan dira disko berriarekin eta musika elektronikoaren gaur egungo joerak jaso dituzte. Azken urteotan, makinen nagusitasunetik urrundu eta hezur haragizko musikariekin egindako elkarlanak ugaritu dira eta musikari dagokionez, rock eta pop doinuetara gerturatu dira sortzaile asko. The Strike Boys bikotearen disko berrian joera hori atzematen da eta abeslarien artean, adibidez, Thomas Lang aurki dezakegu, Alemaniako The Robocop Kraus indie rock taldeko abeslaria. Bizitzaren gora beherak.

ARITZ SOUND SYSTEM

THE TOY DOLLS - Anniversary Anthems

THE TOY DOLLS "Anniversary Anthems" (Receiver Records-PDI, 2000)

Talde batek aldaketa haundiak dituen musika mundu zoro honetan 21 urte betetzea ez da batere errexa. Punk musika lantzen duen taldea izanda are zailago oraindik. Toy Dolls taldea talde klasikoan bihurtu da eta ez soilik punk musikaren jarraitzaileen artean. 1981ean lehen singela kaleratu zutenetik 16 diska eta hainbat singel eta maxi atera dituzte. Mundu osoko eszenatokietan ibiliak dira eta 1999an Europa, Ipar eta Hego Amerika, Australia eta Japon bisitatu zituzten. Punk musikaren aitonak direla esan daiteke nahiz eta beraien musikan Chuck Berry, Dr. Feelgood eta orohar R&Baren influentzia jaso duten. Diska honetan bertsio ugari aurki daitezke, horien artean jarraitzaile asko aho zabalik utziko dituen `Livin La Vida Loca´ kantuaren kantu. Beti bezain zoro.

ARITZ SOUND SYSTEM

TINARIWEN - IMIDIWAN COMPANIONS

TINARIWEN “IMIDIWAN:COMPANIONS”
Izena askotan entzun badugu ere zer dakigu benetan Tuareg herriari buruz? Basamortuan, burua estalita, gameluen gainean irudikatzen ditugu baina hori ote da guztia? Milaka urteetako historia duen herri hau bere biziraupenaren alde borrokan dihardu etengabe. Europar kolonizatzaile odoltsuak Tuaregen lurralde naturala estatu artifizialetan banatu dute eta horrek herri nomada honen biziraupena kolokan jarri du. Sahel eta afrika beltzaren artean kokatuta Tuareg herria, gehien bat, Niger, Mali eta Algeriako estatuen artean sakabanatuta dago. Tinariwen taldearen musika bidai lagun hartuta Maliko lurraldean bizi diren Tuaregen historia eta borroka hobeto ezagutzeko aukera dugu. Tuareg herriaren errekonozimendua eta eskubideak lortzeko Maliko gobernuarekin daramaten borroka eta euren lurraldeaz, mendebaldeko enpresa indartsuekin batera egiten den ustiaketa basatia salatzeko erabiltzen dute musika. Kantu hipnotiko, sakon eta melankoliatsuak. Blues landare indartsuaren hazi ederra.


ARITZ SOUND SYSTEM

TONY ALLEN - Afrodiscobeat

TONY ALLEN AFRO DISCO BEAT
(Vampisoul, 2007)

Afrikarrak erritmoa odolean daramatela esan ohi da. Topikoa da baina zalantzarik ez dago afrikar musikaren ezaugarri nagusia erritmoa dela. Erritmoa eguneroko bizimoduaren ezinbesteko osagaia da. Erritmoak lotura zuzena du egunerokotasunarekin; lanarekin, ospakizunekin, erlijioarekin, jakintzaren transmisioarekin, etab. Erritmo jotzaile eta sortzaileen artean ezinbesteko erreferentzia da Tony Allen. Ez soilik Afrikan. 50. hamarkadan hasi zen Tony Allen eta bateriaren arteko maitasun harremana. Highlife eta jazzaren garaiak ziren. 1964. urtean Fela Kuti musikaria ezagutu zuen eta iraultza hasi zen. Afro beat bezala ezagutuko zen musikaren bultzatzaile nagusiak izan ziren eta afrikar musikari ikuspegi berria zabaldu zioten. Joan etorriko bidaia. Afroamerikarrek sortutako funkia ama lurrera bueltan. Tony Allen Fela Kutiren bateri jole bezala gogoratuko dute askok baina hori baino askoz ere gehiago da. Distira propioa duen artista da Tony Allen. Felarekin amaitu eta gero proiektu askotan parte hartu du eta musikari ezagun askok eduki dute bateri jole modura. Musika sortzaile bezala ere disko propioak kaleratu ditu eta oraingoan, Fela Kutiren produkziopean kaleratutako bakarlari diskoak jasotzen dira bilduma honetan. Erritmoaren maitaleentzat ezinbestekoa.

ARITZ SOUND SYSTEM


TOSCA - Suzuki

DISKA KRITIKA

TOSCA "SUZUKI" (G-stone, K-Industria 2000)
Aldizkariaren 17. alean Vienna-tik zetozen erritmoetaz hitzegin genizuen K & D Sessions diskaren aitzakipean. Peter Kruder eta Richard Dorfmeister dira zalantzarik gabe azken aldian horrebeste polemika sortu duen Austriako erreferente nagusia, maila musikalean bada ere zorionez. Beste talde eta abeslarien kantuen nahasketak egiteagaitk ezagunak dira gehienbat bainan beraiek ere musika konposatzen dute. Normalean elkarrekin aritzen badira ere bakoitzak bere proiektu propioak dauzka eta zentzu horretan Richard Dorfmeisterren proiektu paraleloa Tosca izena du (Dorfmeisterrena berriz Peace Orchestra). Suzuki izenpean diska kaleratu berri du Rupert Hubertekin batera eta emaitza berriz...ezin zitekeen gutxiagorako izan. Begiak itxi eta beste mundu batera eramango zaituzten doinuez beteta, bossa-nova, dub, ambient...makinek ere senti dezakete.

SOUND SYSTEM

TWO CULTURE CLASH - TWO CULTURE CLASH

ASKOREN ARTEAN "TWO CULTURE CLASH" (Wall of Sound 2004)

Bizitzako kasualitateak. Wall of Sound disketxeak azken urteotan musika elektronikoak eman dituen diska interesgarrienak kaleratu ditu eta bere nagusiak, Mark Jones-ek, Jon Baker, Jamaikako GeeJam grabazio estudioen jabea ezagutzen du hegaldi batean. Eguraldiaz hitzegiten hasi eta musika elektronikoa eta reggaea uztartzen dituen diska batekin amaitzen dute esku artean. Hizketaldi guztiak horren probetxugarriak balira! Two Culture Clash Europa eta Jamaikaren arteko zubi lana egiten duen diska da. Ez da lehen aldia erritmo elektronikoek reggae eta dancehall doinuekin maitemintzen direla baina oraingoan, dirudienez, elkarketak merezi duen ohiartzuna izango du. Egia da, diskan parte hartu duten abeslari, musikari, produktore eta diska jartzaileak sona haundikoak direla; hor daude, batetik, Jon Carter, Howie B, Motorbass, Jacques Lu Cont, Soulchild, Roni Size edota Mark Rae (Rae & Christian) bezalako pertsonaiak, azken urteotako musika elektronikoa ulertzeko ezinbestekoak eta bestetik, Patra, General Degree, Ward 21, Horace Andy, Spragga Benz, Determine, Nadine Sutherland, Ernest Ranglin edota big Youth bera; jamaikar dancehall zahar eta berriaren nondik norakoak ulertzeko ezinbestekoak hauek ere. Emaitza berriz, interesgarria gutxienez nahiz eta bi munduek dituzten potentzialidadeak izugarriak diren eta ikertu eta jostatzeko bide luzea duten oraindik. Ez dezagun denborarik galdu.

ARITZ SOUND SYSTEM

TY - UPWARDS

TY UPWARDS

Zein hurrun dagoen munduko rap onena AEBetan egiten zeneko garaia. Urteak dira rap musika AEBetako hirietako ghettoen eremua gainditu eta mundu osora zabaldu dela, fisikoki, zorionez, hizkuntza eta kultur desberdinekin loturak sortuaz eta musikalki aberastuz eta maila ekonomikoan, zoritxarrez, komertzialtasunaren mundu basatira primeran egokituz eta eroso sentituz. Zenbatetan entzungo genuen AEBetatik kanpo egiten zen rap musikak ez zuela maila nahikorik eta kopia merkea besterik ez zela. Urteak dira topiko horiekin amaitu dela eta urteetan zehar, Ingaleterra edo Frantzian hasieran eta Afrikako herrialde askotan orain, maila altuko rap musika egin daitekeela eta egiten dela erakutsi dute. Are gehiago, gaur egun munduko txoko askotan egiten den rap-a AEBetan arrakasta gehiena duena baino hobeagoa dela esango genuke (gusto kontua ote?). Eta norbaitek adibiderik beharko balu Ty-ren musika entzun dezala. Ingaleterran egiten den rap dotoreenaren adibide da, rap musikaren topiko musikaletan erori gabe, komertzialtasunaren patrioetatik ihesi, rap musikaren garapenean pauso garrantzitsuak eman ditu. Hiru urte igaro dira Awkward diska kaleratu zuenetik eta oraingo honetan ere Drew-ren produkzioak euntzun badaitezke ere Tony Allen (Fela Kutiren bateria izandakoa), Michelle Escoffery, Bembe Sengue edota Breis eta Shortmanen kolaborazioek asko aberastu dute musikalki. Orohar lan serio eta txukuna.

ARITZ SOUND SYSTEM

The BUG vs The ROOTSMAN feat. DADDY FREDDY - Dj RUPTURE


The BUG vs The ROOTSMAN feat. DADDY FREDDY // Dj RUPTURE

Bitxikeri asko dago musika munduan eta diska hau da horietako bat. Hasiera batean behintzat inolako harremanik ez duten The Bug, The Rootsman, Daddy Freddy eta Dj Rupturek bat egiten dute sei kantuz osatutako diska honetan. Lehenengo hirurak Daddy Freddy abeslariak konposatuak eta The Rootsmanek nahastuak dira eta nahasketa hauei The Bugek apaindura elektronikoak gehitu dizkio. Diskaren bigarren partean berriz, azken hiru kantuetan, Dj Rupturek egindako musika entzun daiteke, techno abstraktoaren bidetik (nolanait definitzearren) eta Elizabeth Alexanderren bi olerki liburuetatik ("he Venus Hottentot" eta "Antebellum") ateratako olerkiekin, Elizabeth beraren ahotsean. Diska ez da gure altxor preziatuen artean gordeko dugun horietakoa bainan Daddy Freddy abeslariari omenaldia egiteko aitzaki gisa balioko digu. Jamaikar musikaren usaiak dastatzen urteak daramatenek gogoratuko dute 80.hamarkada bukaeran, raggamuffin musikaren urrezko garaian, Daddy Freddy izan zela musika horrek nazioarte mailan izan zuen izarrik haundienetakoa. 1985ean Studio One zigiluan lehen singela kaleratu eta gutxira Sugar Minnoten Youthman promotion sound systemari esker Ingaleterran eta Sturmansekin gero AEBetan aritu zen kantari. Tenor Saw, Yami Bolo, Heavy D, Cypress Hill, Steel Pulse, Burning spear, Prodigy, KRS One eta antzekoekin ibili eta gero itzalean pasa ditu azken urteak. Orain, The Rootsmanen eskutik bueltatu da, dub ragga eta musika elektronikoaren esparruan borrokatzeko. Ongi etorri.

ARITZ SOUND SYSTEM

VERVE - REMIXED

ASKOREN ARTEAN VERVE REMIXED 3

Duela urte gutxi ezinezkoa zen jazz musikaren klasiko haundienak biltzen dituen disketxea musika elektronikoarekin erlazionatzea. Azken musika hauen gorakadarekin batera (goraka komertzialak ere eragina izango zuen noski) disketxe askok, altxorraren kutxa zabaldu eta diska jartzaile, ekoizle eta elektronikaren zoroen esku utzi dute. Gustu gustientzako emaitzak eman dira, bombo eta txaston sinplea gehitu dutenetik maixu lana osatu dutenen arte. Verve zigilu ospetsuak, Verve Remixed izenarekin, hirugarren bilduma kaleratu berri du eta aurrekoetan bezala, oraingoan ere, jazz musikaren klasikoak elektroinikaren izpiluan ikusiko ditugu. Nina Simone, Billie Holiday, Sarah Vaughan, Astrud Gilberto, Jimmy Smith edo Hugh Masekela bezalako jazz abeslari eta musikarien kantuak Postal Service, Bent, Carl Craig, Brazilian Girls, Adam Freeland eta orohar, gaur egun, elektronika alternatiboaren munduan ospea dutenen esku jarri dituzte. Geroz eta zailagoa egiten zaigu originala eta erremixaren arteko lotura aurkitzea.

ARITZ SOUND SYSTEM

VOCAL FUSION - EPISODE III.VOCAL FUSILIERS

VOCAL FUSION "EPISODE III.VOCAL FUSILIERS"

Vocal Fusion ez da talde bat. Vocal Fusion, guretzat harrigarri xamar izan badaiteke ere, sound system abeslari edo MCen agentzia bat da. Euskal Herrian zaila da horrelako agentzia bat zer izan daitekeen imaginatzea. Fuck Inglanen berriz, asteko zazpi egunetan sound systemak dauden lurraldean (London hirian bereziki), ohikoa baino, beharrezkoa da horrelako zerbait egotea. Sound systemetako abeslariak izarrak diren lurraldean jendeak diska jartzaile batek musika nola jartzen duen ikusteagatik ordaintzen du! Harrigarria ezta? Jungle, drum & bass, house, hip-hop eta ragga musika estiloetatik eratorritako garage, UK garage, musikak arrakasta izugarria du Ingaleterran. Irrati, dantzaleku zein sound systemetan etengabe entzun daiteke eta edonor zoratzeko moduko abiadura dauka. Diska bikoitz honetan, duela gutxi arte behintzat, musika estilo horren izarrak izan direnak aurki daitezke. Mike "Ruff Cut" Lloyden gidaritzapean, berak jarritako erritmoen gainean abeslari edo MC desberdinak ari dira ixildu ezinean. Mc Creed, Sharky P, Mc Viper, Manic B... bakoitzak bere abesteko, rapeatzeko edota ragga egiteko estilo propioarekin. Orain dela gutxi arte komunikabideetan ikusi ahal izan dugun Ms Dynamite ere abeslari agentzi honetako kidea izan zen. Konturatzerako UK Garage hori zer ote den ez du inork gogoratuko.

ARITZ SOUND SYSTEM

Victor Davies - Remixes

VICTOR DAVIES "REMIXES" (Jazzanova-Compost)

Soul musika aipatuz gero, zer datorkio jendeari burura? Otis Redding, Marvin Gaye, ahots goxoak, sentimenduz egindako musika, arima, maitasun kantuak, 60. hamarkada, Motown... Ba al da soul musika guzti horretaz gain? Gaur egun musika aditu askok R&B deitzen diote egiten den soulari eta normalean AEBetan panpin itxurako gaztetxoek egindako azukrez gainezko doinuei esaten diote soula. Bost axola. Victor Davies bezalako abeslariek kantuak egiten jarraitzen duten bitartean soularen arima bizirik mantenduko da eta garrantzitsugoa dena, soulak sentimenduak azalean jartzeko duen gaitasuna indarrean egongo da. Nork esango luke gaur egun kaleratzen diren soul diskarik onenetakoak, guk ezagutzen ditugunen artean behintzat, Europan kaleratzen direla, non eta Alemaniako disketxe baten bidez. Compost zigilua, brasildar doinuak eta musika elektronikoaren arteko maitasun harremana bultzatzeagatik ezaguna, soul musikaren arimarekin maitemindu da. Eta Victor Davies-en musikaz maitemindu direnak Masters At Work, Da Lata, Mark Rae, Nuspirit Helsinki eta bere kantuen nahasketa berriak egin dizkioten musikari eta produktore guztiak izan dira. Ondorioen beldur izan gabe bultzatako harremana, zentzuen gozagarri.

ARITZ SOUND SYSTEM

WACKIES - JAMAICA SUPER DUB SESSIONS

WACKIES: JAMAICA SUPER DUB SESSIONS (Wackies/Red, 2002)

Bitxia da Dub musikaren historioa. Reggaearen azpi estiloa izan arren, reggaearen eremuak gainditu eta gaur egun, musika askorentzat inspirazio iturri bihurtu da. King Tubby izan zen musika egiteko modu bitxi horren sortzaile eta berarekin batera Lee Perry, Bunny Lee, Glen Brown, Scientist, Prince Jammy, Mad Professor, Adrian Sherwood eta beste asko bilakatu dira reggaea eta orohar edozein musika mota ulertzeko modu berritzaile horren erreferente. Dub musikaren ohiartzuna geroz eta haundiagoa egiten zen neurrian geroz eta gehiago izan dira dub bertsioak egitera ausartu diren produktoreak, Bullwackie izenekoa horien artean. Kontaezinak dira ezeagunak eta misterioz inguratuta dauden disketxe txikiak eta Bullwckieren Wackies izenekoa da horietako bat. 80. hamarkadaren hasieran kaleratu zituen hainbat diska (Horace Andy, Meditations, Winston Jarret, Naggo Morris, Sugar Minott...) eta orain garaiko hainbat kantuen dub bertsioak aurkezten dizkigu. Musikarien artean Leroy Sibbles eta Jackie Mittoo daude.

ARITZ SOUND SYSTEM

bob sinclair - afrikanism

ASKOREN ARTEAN Africanism mixed by Bob Sinclair

Afrikak erakarpen berezia sortzen du, zentzu guztietan. Afrikarren zorigaitzerako, mendeetan zehar europar askok, Afrika ezagutu, ustiatu eta menderatzeko beharra sentitu dute eta emaitzak begibistakoak dira. Musikari dagokionez, harremana horren odoltsua izan ez arren, europako (eta AEBetako) musikari eta ekoizle askok, Afrikar aberastasun musikalaz baliatu dira arrakasta lortzeko (jakina da Michael Jacksonen kantu arrakastatsuenetako bat Manu Dibangoren bertsio ez onartua dela). Azken urteotan, musika elektronikoaren barruan, indar haundia hartu du erritmo elektronikoen (house eta techno doinuak bereziki) eta afrikar musiken arteko harremana. Asko dira, begirune haundiz, aberastasun horrekin jokatu dutenak eta lortutako emaitzak, anitzak izan dira. Bob Sinclar-ek Africanism izenarekin zuzendutako egitasmoan afrikar kutsuko doinuetaz baliatzeaz gain, musikari eta abeslari afrikarrekin lan egin du (Osibisa, Lady Smith Balck Manbazo, e.a.) estudioan sortutako house erritmoei jazkera itsurosoa emateko. Lortutako emaitzari inauteri kutsu haundiegia hartzen diogu zoritxarrez.

ARITZ SOUND SYSTEM